'Teaching Factories' lehiaketaren finalera iritsi da Mondragon Unibertsitateko ikasle talde bat

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2022ko aza. 14a, 12:30

Teaching Factories lehiaketara aurkeztutako bost ikasleak. Mondragon Unibertsitatea.

Lehiaketaren helburua da industriak jasangarritasunaren arloan dituen erronkak ebaztea, eta unibertsitatearekin izan dezaketen lankidetza azaleratzea. Zapatuan izango da finala.

Mondragon Unibertsitateko Industria Prozesuetako Ekoteknologietako Ingeniaritza graduko ikasle talde bat industria eta fabrika berdea batzen dituen Teaching Factories lehiaketaren lehen edizioko finalera iritsi da. Azaroaren 19an, zapatuan, egingo dute finala, eta lehiakide izango dituzte Kroaziako, Greziako, Mazedoniako, Hungariako eta Italiako ikasleak, herrialde bakoitzetik talde bana.

Mondragoneko ikasleek aurkeztutako proiektuari dagokionez, Josu Najerak, Alaitz Egañak, Eki Beroitzek, Marina Galindok eta Eneko Melendok ondu zuten hirugarren maila egiten ari zirela, Procter & Gamble enpresan. Hain justu, kontsumo ondasunak fabrikatzen dituen konpainia bat da, eta saltzen dituen 65 marken artean daude, besteak beste, Ariel, Gillete eta Oral-B. Helburuetako bat du produktuen hornidura katean ingurumen erantzukizunak areagotzea, eta, hala, ikasleei proposatutako erronka izan da baliabideen kontsumoari eta erabilerari buruzko datuak monitorizatzea eta analisi espezifiko bat egitea, ekoizpen kate bateko baliabideen kontsumoa murriztu ahal izateko.

Lehiaketaren berri

Europako EIT Manufacturing partzuergoak sustatu du lehiaketa, eta, batetik, asmo du ikusaraztea manufakturen berrikuntzako testuinguruan zer onura dakartzan unibertsitateen eta enpresen arteko lankidetzak, eta, bestetik, industriak jasangarritasunaren arloan dituen erronkak ebaztea. Horretarako, industria, hezkuntza eta ikerketaren arloko erakundeak biltzen ditu, industria berrikuntza eta jasangarritasuna elkarlanean lantzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak