Lasai hasi zen gaua Bergarako Seminarixoan. Kanpoan, Chill out gunean, bikote akustikoa osatu zuten Bergarako Olatz Ugartek eta Aretxabaletako Cristian Coellok.
Seminarixoko oholtzara igotzen lehena Aiert izan zen. Ahots erregistro zabala duela erakutsi zuen bakarlari oñatiarrak, abesti propio batzuk eta bereziki bertsioak eskaini zituen. Horien artean Olatz Salvadorren Korapilatzen; Danbakako sare sozialen bidez entzun ahal izan zuen abestia Salvadorrek eta Aiert zoriontzeko tartea ere hartu zuen.
Ze polita 🥹✨ https://t.co/7ahzKxxbVb
— Olatz Salvador (@OlatzSalvador) November 11, 2022
Sukena taldeko kideak igo ziren bigarren oholtzara. Urduri hasi zuten gaua, baina publikoaren babes handia jaso zuten eta berotzen joan ziren kontzertuak aurrera egin ahala. Taldeak kontzertu gutxi eskaini ditu oraindik, baina bi ahotsetara abesten duen taldeak ibilbide oparoa izateko baldintzak ditu.
Oñatiarren pop abestietatik lasaietatik Balarrasaren doinu gogorretara eman zuen jauzia Danbaka lehiaketak. Esperientzia dutela erakutsi zuten aramaioarrek, eta hasieran gitarraren korda hautsi izanari probetxua atera zioten, tarte horretan publikoa aurrera erakarriz. Abeslariak gogoz heldu zion showman lanari kontzertua girotuz.
Azken erreleboa Oñatiko Broken Legacyk hartu zuen. Intentsitate handiko kontzertua eskaini zuten; hasieratik indar erakustaldia egin zuten, eta, publikoan aipatu bezala "abeslaria ez zen gelditu; alderik alde ibili zen kontzertu osoan, Behobia-Donostia lasterketan baino kilometro gehiago eginez".