Behobia-Donostiak azken urteotan arrakasta handiagoa du kanpoan etxean baino. Izugarrizko jendetza batzen du (30.000), baina, motibo batengatik edo bestearengatik, azken urteotan ez da garai bateko debagoiendar kopurua batu. Urrun dago, esaterako, 2011n lasterketa amaitu zuten 515 debagoiendarren zenbatekoa –iaz, 257 lagunek amaitu zuten, baina pandemiak ere eragina izan zuen–. Etzi ibarreko 348 korrikalari izango dira.
Gipuzkoa mailan, berdin
Joera ez da Debagoienera mugatzen, Gipuzkoa osora baizik. Oihana Kortazar elgetarrak lasterketa irabazi zuen urtean (2012) –Behobia-Donostia irabazi duen debagoiendar bakarra da– 8.075 gipuzkoar izan ziren lasterketan, eta etzi, 5.788 batuko dira. Eta hau da datu esanguratsua: lehenengoz, kataluniar gehiago izango dira (6.478) gipuzkoarrak baino. Hala, joera horren gainean berba egiteko Behobia-Donostian erreferente izan diren lau lagunekin izan da GOIENA: Ritxar Fernandez, Saioa Arkonada, Yerai Varela eta Nere Arregi. Ritxar Fernandez da debagoiendarren artean inoizko marka onena egin duen atleta (1.01.40).
Oñatikoak uste du normala dela gipuzkoarren beherakada: "Ez da hemengoek korrika egiteari utzi diotelako. Sevillako eta Valentziako maratoi erdietan inoiz baino jende ezagun gehiago ikusi izan dut, joera aldatu egin da". Arkonadak, berriz, garbi dauka kanpotik jendea etortzea normala dela, eta beherakadaren zergatian, akaso, prezioak eragina daukala. Bestalde, klub mailan lehiatzen direnek agenda estua dute; Nere Arregik, esaterako, Atapuercan dauka hitzordua: "Espainiako txapelketarekin bat egiten du Behobiak. Eta marka egitera doazen atletek beste lasterketa batzuk aukeratzen dituzte". Yeray Varelak azken urteotan atletismoa beste patxada batekin hartu du: "Eta gehiago gozatu izan dut orain, lasaiago nabil. Eta pena da, baina Behobiara lehen jendea urtero joaten zen ondo pasatzera, erlojuari begira egon barik. Orain, marka hobetu ezin duzula uste baduzu, ez zara berriz joaten".
348 debagoiendar domekan
Debagoiendarrak, herrika
• Antzuola: 13 korrikalari (emakumezkoak 1, gizonezkoak 2).
• Bergara: 92 korrikalari (emakumezkoak 19, gizonezkoak 73).
• Elgeta: 5 korrikalari (emakumezkoak 2, gizonezkoak 3).
• Aretxabaleta: 46 korrikalari (emakumezkoak 16, gizonezkoak 30).
• Arrasate: 106 korrikalari (emakumezkoak 33, gizonezkoakb73).
• Eskoriatza: 14 korrikalari (emakumezkoak 4, gizonezkoak 10).
• Oñati: 72 korrikalari (emakumezkoak 20, gizonezkoak 52).
Oharra: zerrenda horretan aramaioarrak falta dira; antolatzaileek Gipuzkoako herrietako datuak ematen dituzte.