Datorren egubakoitzean, hilaren 18an, hasiko da 2022ko Euskaraldia, abenduaren 2ra arte, eta ari da sarea osatzen. Batzuek ahobizi rola izango dute eta beste batzuek, belarriprest. Baina aurten, ariguneak ere egongo dira, entitateetan ariketa bultzatzeko.
Hala, Debagoieneko herrietan azken txanpan sartuta daude, Ikuska Lizarralde Arrasateko koordinatzaileak jakinarazi duenez. Haren arabera, herri batzuetan lanketa bat egina zen aurrez, adibidez, Arrasaten, eta, beraz, denbora da horretan dabiltzala. Aldiz, beste batzuetan uda ostean hasi ziren lanean, eta, hala, erritmo ezberdinak izanda, norbera bereari eusten dabil.
Joan den asteburuan, adibidez, hainbat ekitaldi egin ziren. Hitzez ekiteko ekitaldia egin zen Oñatin, eta herritarren konpromisoak entzuteko aukera egon zen. Gainera, aurten, Oñatik berezitasun bat izango du, Hikaldia egingo dutelako aldi berean, hitanoaren erabilera bultzatzeko; baina, batik bat, nokarena. Eta Aretxabaletako, Eskoriatzako eta Leintz Gatzagako herritarrak ere ez dira geldi gelditu, domekan Gatz Bidea egin baitzuten elkarrekin.
Izen-ematean azpimarra
Dena den, Lizarraldek adierazi du izen-ematean egin nahiko luketela azpimarra. Hain justu, Arrasaten, martitzenean egin zuten herriko 186 entitateen aurkezpena, baina, norbanakoei dagokienez, aitortu du oraingoz ez dutela jaso esperotako erantzuna. "Entitateek ja eman dute pausoa, eta orain, norbanakooi dagokigu urratsa egitea eurekin ariketa egiteko".
Horretarako, postuak jartzen dabiltza herri gehienetan, izena emateko, txapak jasotzeko eta Euskaraldiko materiala eskuratzeko, eta horretarako aukera egongo da Euskaraldia hasi artean. Are gehiago, Internet bidez ere ekintza berberak egin daitezke, eta Lizarraldek gogorarazi du aurreko edizioetan parte hartu dutenek ere berretsi egin beharko dutela aurtengo parte hartzea. Gainera, abisatu du txapa janztea garrantzitsua dela, eta, beraz, eskuratu dezatela.
Txaparen garrantzia
Euskaraldiaren sustatzaileek ere martitzenean egin zuten agerraldia, Donostian, eta datu baikorragoak dituzte, azaldu baitute izen-ematea "erritmo onean" doala eta ekimenaren hirugarren edizioa "masiboa" izango dela. Halere, txaparen garrantziaz ere ohartarazi dute: "Jantzita eramatea komeni da, aurreko bi edizioetan eginiko ikerketek erakutsi baitute horrela identifikatzeak asko lagundu duela hizkuntza ohituren aldaketan". Beraz, txapa jartzea "lagungarria" da.
Euskarazko harremanak areagotzeko eta hizkuntza portaera berriak probatzeko, erronka zehatzak jartzeko gonbita ere egin dute, eta kaleak materialarekin atontzekoa.
Datozen egunetako ekitaldiak
Bada, horretarako aukera egongo da bailaran ere. Besteak beste, gune ibiltaria izango da gaur goizean protagonista Eskoriatzan, 11:00etatik 13:00etara, eta, arratsaldean, 18:00etatik 21:00etara, Arrasaten.
Arrasateko kasuan, Arrasate Musikalekoek zabalduko dute gunea, eta Sambamaña batukada ere egongo da. Baina eskualdeko dinamizatzaileek, batik bat, Euskaraldiko erronkei eman diete garrantzia, eguneroko adibideetara joz. "Esaterako, erronketako bat izan daiteke kuadrillako Whatsapp taldean euskaraz idaztea", azaldu du Lizarraldek. Gainera, erantsi du erronka horiek guztiak gune ibiltarian idazteko aukera egongo dela, eta, ondoren, mural batean josiko dituztela.
Beste herrietan ere hainbat ekitaldi ari dira egiten. Atzo, adibidez, mikro irekia egin zuten Bergaran, aurreko eguenetan bezala. Eta ekimenak iraun artean ere ekintza ugari egingo dituzte. Antzuolan, esaterako, Euskararen esanahia(k): euskalgintzako kartelen irakurketa, genero perspektibatik (1960-2018) hitzaldia egingo du Onintza Legorburu herritarrak azaroaren 19an, 11:30ean, Olaranen.