Donostiako San Telmo museoan egindako agerraldian, ekimenaren koordinazio mahaiko kideek esan dute izen-ematea erritmo onean doala, eta ziurtatu dute Euskaraldiaren hirugarren edizioa ere masiboa izango dela.
Euskaraldiaren sustatzaileek garrantzia eman diote ariketa jendetsua izateari, belarriprest eta ahobizi asko izatea lagungarria baita parte hartzaileen hizkuntza ohiturak aldatzeko. Horregatik, eledunek gogorarazi dute webgunean oraindik irekita dagoela izen-ematea. Aurreko edizioetako parte-hartzaileek erraz eguneratu dezakete parte hartzea; partaide berriek, aldiz, datu batzuk bete beharko dituzte. Parte-hartze datuak ikerketa batean aztertuko dira.
Euskaraldia ikusgarri egitea
Euskaraldia batzordeetako kideek txapak banatuko dituzte, Euskaraldia hasi bitarteko bi asteetan, Euskal Herriko laurehun herri baino gehiagotan. Izena ematen duten kideek txapak 15 egunean jantzita eramateko dei egin dute ekimenaren bultzatzaileek, aurreko edizioetan egindako ikerketek erakutsi baitute ahobizi edo belarriprest modura identifikatzeak asko lagundu duela hizkuntza ohituren aldaketetan.
Gainera, kaleetan Euskaraldia ikusgarri egiteko, haiek janzteko hainbat baliabide eskaini dituzte: leiho eta balkoietan jartzeko banderatxoak eta Euskal Herrian zehar zabaldu diren milaka kartel. Horretaz gain, herriz herri ehunka ekitaldi antolatzen ari direla azaldu dute.
Partaideen erronka zehatzak
Bozeramaileak parte-hartzaileak gonbidatu dituzte hizkuntza ohiturak aldatzeko erronka zehatzak jartzera –euskarazko harremanak areagotzeko eta hizkuntza portaera berriak probatzeko–. Eta amaitu dute Euskal Herri osoan zehar parte hartzen ari diren milaka boluntarioen lana eskertzen.