Angel Astuy 1980ko otsailaren 8an erail zuen ETAk Oñatin egindako atentatu batean; herriko udaltzaina zen. Victoriano Agiriano eta Maria Angeles Barandiaran senar-emazte bergararrak polizia kontrol batean hil zituzten Gasteizen, 1982ko urriaren 16an. Xabier Perez de Arenaza arrasatearra 1984ko martxoaren 23an erail zuen GALek Miarritzen; errefuxiatuta bizi zen Iparraldean. Matilde Martin arrasatearra PSE-EEko zinegotzi izan zen 1999 eta 2007 artean; ETAren mehatxu-gutuna jaso zuten hark eta kideek 2000. urtean, eta bizkartzainarekin bizi izan zen luzaroan.
Guztiek jasan zuten motibazio politikoko indarkeria, eta baita familiek ere haren ondorioak; aita hil zieten Francisco Astuyri eta Alaitz Perez de Arenazari, eta gurasoak Iñaki Agirianori: hiruren eta Matilde Martinen beraren ahotsak jaso ditu Goienak Memoriaren Eguna ospatzen den astean –azaroaren 10ean da– telebistan emango duen erreportaje sortan: Biktimen ahotsak, astelehenetik eguenera, 21:00etan eta 23:00etan –goi-goiko hurrenkeran izango dira–.
Eduki eta modu berriak
Elkarrizketatuek ez zuten aurrez euren testigantza maiz emana –harentzat "urratsa" izan dela ere aitortu du bateren batek–, Goienaren gonbidapenari erantzutea erabaki dute orain. Goienak ere ez zuen gaurdaino halakorik egina, edukien zuzendari Eneko Azkaratek azaldu duenez: "Uste dut zor bat bageneukala alor honetan. Ez dut esango gatazkari buruzko edukiak sortu eta argitaratu ez ditugunik eta horietan biktimen ahotsik jaso ez dugunik, baina propio biktimei eskainitako tarte berezirik, testuinguru jakin baten sortuta, zabal kontatuta, ez dugu egin. Lehen aldia izan da halakorik egin duguna. Beharrezkoa zen eta egin dugu".
Eta egiteko modua ere berezia izan da oraingo honetan: "Ez da kazetaritza sail arrunt edo soila. Ikerketa-lana ere egon da. Eta aholkularitza ere jaso dugu, ez bakarrik iturriak identifikatzeko, baizik eta baita hiztegia sortzeko ere, gauza bakoitzari nola deitu behar zaion ikasteko... Prozesu aberatsa izan da, kazetari eta teknikariak parte izan dituena, Berbari Lekua aholkularitzako profesionalen eskutik –Aitziber Blanco...–".