Udalen neurriak, energia prezioen gorakadagatik

Idoia Aranbarri Arzuaga 2022ko aza. 4a, 09:03

Gabonetako eta ohiko argiteria Arrasateko Herriko Plazan. (Argazkia: GOIENA).

Energia aurrezteko eta faktura energetikoa murrizteko neurriak lantzen eta hartzen hasi dira Debagoieneko udalak; aldaketa gehienak argiteria publikoan egin dituzte eta Gabonetako argietan ere murrizketak egongo dira, batik bat, datei dagokienez.

Energiaren prezioa gora eta gora doan garai hauetan, Debagoieneko hainbat herritan energia berriztagarriak sustatzeko hainbat bilera egin dituzte. Abuztuan, berriz, Ministroen Kontseiluak energiaren aurrezpenerako Errege Dekretua onartu zuen, eta hainbat neurri ezarri.

Erabakiak hartzen hasita

Debagoieneko udalak hasi dira egungo egoerari aurre egiteko neurriak lantzen eta hartzen. Eskoriatzan eta Arrasaten hartu beharreko neurriak erabakitzeko lanean ari dira; Arrasateko Udalak hilaren 10ean egingo du prentsaurrekoa, hartuko dituzten erabakien berri emateko asmoarekin.

Aretxabaletan energia murrizteko neurriak lantzen ari dira. Hala ere, herriko argiterian inbertsioak egin dituzte azken urteetan, eta Unai Elkoro alkateak baieztatu du duela sei urte baino diru gutxiago gastatzen dutela, nahiz eta garestiago egon.

Bergaran irailean ezarritako neurriak betetzeko egokitzen ari dira, gasaren igoera dela eta. Oraingoz, ez dituzte berogailu sistemak piztu, beharrik ez dutelako izan: "Pizten direnean, ezarritako tenperatura horretara mugatuta egoteaz gain, erabilera denborak ere zorrotzago aztertuta jarriko dira martxan, arratsaldean erabilera urria duten eraikinetako berokuntza sistemak goizeko ordutegian soilik piztuz, edo alderantziz".

Oñatiko Udalak joan den astean aurkeztu zuen zortzi esku-hartze biltzen dituen Energia Plana; Izaro Elorza alkatearen hitzetan: "Egoerak erantzun beharra exijitzen duelako eta aurrera begira izango ditugun etorkizuneko erronkei heldu beharra dugulako". Besteak beste, jasotzen ditu argindarraren merkatuko espekulazioak herritarrengan ahalik eta inpaktu txikiena izatea, energia zein gasaren fakturak irakurtzen laguntzeko aholkularitza bulegoa zabaltzea eta argindar sorkuntza berriak martxan jartzea.

Antzuolan eraikin publiko guztiak –gimnasioa eta pilotalekua izan ezik– energia elektrikoz hornitzeko plaka fotovoltaikoak jarri zituzten iaz pilotalekuko eta eskolako teilatuetan. Beñardo Kortabarria alkatearen hitzetan: "2021eko azaroan amaitu genituen lanak, Iberdrolarekin izapideetan aritu gara, eta badirudi joan den astean eman zigutela konektatzeko aukera". Bestalde, herriko argiteria aldatzeko dirulaguntza eskatuko dute, eta herria hornitzeko era aldatu nahi dute: "Propano depositua daukagu. Gasbidera konektatu nahi dugu, baina, horretarako, bidegorriko obra amaitu behar da".

Elgetan zaharkitutako gasezko galdarak ordezkatu dituzte. Duela bi urtetik, plaka fotovoltaikoak dituzte udaletxea hornitzeko, baina aurten, frontoian gehiago jarri dituzte udal eraikin guztiei argindarra emateko, "baita beharrizan bereziak dituzten hamar familiari ere". Kaleko argiteria "aspaldi" ordezkatu zuten LED argiekin, eta "%60tik gorako aurrezpena lortu".

Aramaion energia aurrezteko neurriak duela urte batzuetatik ari dira hartzen, "progresiboki", LED argiak jartzen joan baitira faroletan, eraikinen azterketa energetikoa egin dute, eta, "horren arabera, plan bat diseinatuko da. Horretaz gain, eraikin publikoetako autokontsumo proiektua laster lehiaketara ateratzeko asmoa daukagu".

Leintz Gatzagan, berriz, hartu beharreko neurriak aztertzen ari dira. Joan den urtean argiteria aldatu zuten han ere, eta LEDak jarri, eta Jon Sasiain Hirigintza zinegotziak dio horri esker kontsumoa murriztu eta %80 aurreztu dutela fakturan.

Kiroldegietan neurri bateratua

Halaber, udalerriak kirol instalazioetako kasuak aztertzen ari dira neurri bateratuak hartzeko, gastuak handiak baitira. Aretxabaletako kasua da adibide: "Herrian 1.600 farol ditugu. Horien urte osoko kontsumoaren bikoitza kontsumitzen du kiroldegiak bakarrik elektrizitatean".

Bergaran ere, kiroldegiaren kasuan, duela urte batzuetatik ari dira gasaren kontsumoa murrizteko neurriak hartzen eta aztertzen, kontsumo handienak dituen eraikina baita: "Tenperatura kontrolatu eta moldatzeaz gain, aukera ezberdinak aztertzen gabiltza, teilatuan dauden eguzki-plaka termikoak osatzeko".

Gabonetako argiak

Hilabete pasa falta bada ere, Gabonetako argiteriaren gaia jarri dute mahai gainean udalek, eta badaude aldaketak.

Bergaran eta Eskoriatzan egun gutxiagotan egongo dira piztuta argiak. Bergaran argiteria kopurua mantendu egingo da, baina abenduaren 12tik urtarrilaren 6ra egongo dira piztuta, 18:00etatik 21:30era. Eskoriatzan, aldiz, 15ean piztuko dituzte eta urtarrilaren 6an itzali. Aurten ez dute plazan zuhaitzik jarriko, kontsumo handiena horko argiteriak duela ikusita. Ordutegia ez da murriztuko, argiak argiteria publikora konektatuta daudelako.

Antzuolan, adibidez, ohiko LED zintak jarriko dituzte. Abenduaren 19ko astean piztea daukate aurreikusita, Errege ostera arte. Elgetan, berriz, urtero jartzen duten LED tira piztuko dute abenduaren 21 ingurutik urtarrilaren 7ra.

Aretxabaletan, Aramaion eta Gatzagan ez dago aldaketarik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak