Euskal Herriko Emakume Pentsiodunek II. biltzarra egingo dute hilaren 18an

Uxue Igarza Loiola 2022ko aza. 3a, 16:06

"Borroka modu berriak" bilatzea da, besteak beste, biltzarraren helburua, eta horretarako, lau hitzaldi antolatu dituzte. Hausnarketa prozesua eta eztabaida egingo dituzte berbaldien ostean, eta elkarretaratzearekin bukatuko dute eguna.

Bilbon egin zen emakume pentsiodunen lehenengo batzarra iazko azaroan, eta hilaren 18an egingo dute bigarrena Gasteizko Ignacio Aldecoa Kultur Etxean. Prekarietaterik ez - Prekarietaterik ez soldatetan ezta pentsioetan da aurtengo asanbladaren leloa.

Jardunaldian lau hitzaldi eskainiko dituzte gaian adituak diren lau emakumek. Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko Arantza Corralesek eta Arantza Urkaregik alarguntza-pentsioez eta emakumeek pairatzen duten prekarietateaz jardungo dute. Bestetik, Enarak Kooperatibako kide Tania Cañasek Etxeko langileen eta emakume migratzaileen prekarietatea izeneko hitzaldia eskaniko du eta LABeko Idazkaritza Feministako Elixabete Etxeberriak Prekarietatea lan feminizatuetan eta borroka arrakastatsuak izenekoa.

Gaur egindako prentsaurrekoan –eskualdeko ordezkaritza ere bertan egon da– aurreratu dute lau hitzaldien ostean, hausnarketarako eta eztabaidarako tartea zabalduko dutela: "Prekarietatearen gaiari heldu nahi diogu, kezkagarria baita langileak pentsiodunekin aurrez aurre jarri nahi izatea. Pentsioetan prekarietatea dago, baina baita soldatetan ere. Emakume pentsiodun askok miseria-pentsioak kobratzen dituzte izan dituzten enplegu prekarioen ondorioz, soldata baxuen ondorioz, zaintzaren beharrak eragindako lanpostuak partzialki edo behin betiko uztearen ondorioz, eta askotan nahi gabe... Gauza bera gertatzen da alarguntza-pentsioarekin, 63.000 alargun inguruk 1080 eurotik behera kobratzen baitute".

Horrez gain, etxeko langileen egoera ere aztertu nahi dute; Euskal Herrian 34.000 emakume inguru direla uste baitute. "Zaila da kopuru zehatza zehaztea, baina garrantzi sozial handiko sektorea da, zaintza-lanak egiten baitituzte, batez ere adinekoenak. Sektore zaurgarria da, Gizarte Segurantzaren Erregimenean eskubide guztiak ez dituena, eta langile horietako asko migratzaileak dira, eta gainera Atzerritartasun Legeak paperak ukatzen dizkie".

Horren ostean, elkarretaratzea egingo dute, eta asanbladan adostutako manifestuaren berri emango dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak