Rafael Amasorrain bergararra Kutxa Banku Fundazioko lehendakari izendatu dute, berritu berri den instituzioko patronatuak hala erabakita. Carlos Tamayoren lekukoa hartu du, eta lau urteko ibilbideari ekin dio.
Dena den, Amasorrainek, lehendakari izatea baino gehiago, patronatu berriaren izendatzea nabarmendu du: "Orain dela bizpahiru hilabete esan zidaten patronatuko kide izateko aukera zegoela, eta lehendakari izendapena ere hortik etorri da". Adierazi duenez, zalantzak izan zituen erabakia hartzean, azken bost urteetako ibilbidea "apurtuko" zelako, erretiratuta baitzegoen, baina baiezkoaren alde egin zuen. "Ingurukoek esan zidaten sartzeko, ea azken ekarpen bat egin nezakeen edo ez".
Izan ere, ibilbide profesional luzekoa da Gipuzkoako hainbat enpresatan. Besteak beste, Ulma S. Coop-eko sustapen zuzendaria izan da, baita Ulma Embedded Solutions enpresako gerentea ere, eta Eika S. Coop-eko zuzendari nagusia. Baina 2017an erretiratu egin zen, eta, ordutik, "lasai eta gustura" egon da, "saltsetan" sartu gabe. Horrez gain, politikagintzan ere aritua da, Bergarako Udaleko EAJko zinegotzia izandakoa da urte batzuetan.
Patronatuko kideak
Patronatuko kideei dagokienez, hilaren 17an eratu zen, eta Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak osatzen dute. Baina parte dira Atzegi elkartea eta Maria Jesus Aranburu, Garbiñe Beraza, David Garcia, Maria Teresa Santos, Fermin Lazkano, Idoia Ibero, Mikel Mirena, Mikel Muñoa, Jose Maria Usatorre, Naiara Ugarte, Joseba Imanol Serone eta Amasorrain bera ere.
Amasorrainek, ordea, jakinarazi du ez zuela patronatuko kideen gehiengoa ezagutzen; bakarra: Usatorre. "Oñatiarra da hura, eta Mondragon korporazioan goi mailan ibilitakoa, besteak beste". Horrez gain, Lazkano ere bergararra da, baina aitortu du ez zuela ezagutzen.
Bada, patronatuko kide horiekin guztiekin jardungo du lanean aurrerantzean. Orain dela astebete izendatu zuten lehendakari, eta, horrenbestez, lauzpabost eguneko ibilbidea duela azaldu du, baina, printzipioz, gauzak "nahiko ondo" ikusten dituela, eta, horren harira, begirada "positibotik" begiratzen diola jardunari. "Ikusiko dugu ea ibilbideak zer dakarren. Kezka pixka bat beti dago, baina, hasiera batean, erantzukizunez, lasaitasunez eta ahalik eta ekarpen handiena eginez arituko gara lanean".