2023ko Frantziako Tourraren ibilbidea ofizialki aurkeztu dute gaur. Euskal Herriko etapen berri aurretik emana bazuten ere, ibilbide osoaren nondik norakoak zehaztu dituzte.
Bigarren etapa, Debagoienetik
Debagoienetik bigarren etapa pasatuko da. Bilbon hasi eta amaituko den lehen etapa gorabeheratsuaren biharamunean, uztailaren 2an antzeko ibilbidea izango du Gasteizen hasi eta Donostian amaituko den 209 kilometroko etapa luzeak. Bost mendate pasatu beharko dituzte ibilbidean zehar: Udana, Aztiria, Alkiza, Gurutze eta Jaizkibel.
Legutiotik Aramaiora jaitsita sartuko dira Debagoienean txirrindulariak, etapa amaierarako 160 kilometro inguru falta direla oraindik. Arrasate pasatu eta Oñatirainoko bidean ordekan egingo dituzte kilometro guztiak; Udanan gora esango dio agur Tourrak eskualdeari, helmugatik 130 kilometrora. Euskal Herrian izango den hirugarren eta azken etapa Zornotzan hasi eta Baionan amaituko da; seguruenik, edizioko lehen esprinta izango da.
Ibilbide berritzailea
2023ko Tourraren ibilbidea berritzailea da. Euskal Herriko hasierak ohikoak baino etapa gogorragoak dakartza. Pirinioak, ostera, bosgarren etapan helduko dira eta Tourmalet mendatea igoko dute seigarrenean. Aspaldiko urteetako lehen aste gogorrenari bukaera emateko, Puy de Dome mendate mitikoa igoko dute, batez beste %12ko maldak dituena; 35 urte geroago zabalduko dute txirrindularientzat, baina publikoarentzat mendatea itxita egongo da.
Azpimarratzekoa den beste berrikuntza bat da 22 kilometro izango dituen erlojupeko bakarra sartu izana. Ohikoa dena baino dezente kilometro gutxiago ditu erlojupekoak, eta, besteak beste, Grand Colombier eta Col de la Loze mendateak igo behar izango dituzte hirugarren astean; horrek eskalatzaileentzako apropos egiten du aurtengo edizioa.