Tourra ibarrean, 46 urte geroago

Xabier Urtzelai 2022ko urt. 28a, 20:00

Jesus Nazabal, 1977an, Gasteizen, Kas lantegiaren parean eskuak jasotzen; hurrengo egunean pasa zen lasterketa Debagoienetik. Argazkia El Correo.

2023ko uztailaren 2an, Frantziako Tourra Debagoienetik pasako da. Ez da lehenengo aldia izango, 1977ko uztailaren 4an, bezperan KASeko Jose Nazabalek Gasteizen irabazi eta gero Grande Boucle-ak ibarra zeharkatu zuelako; orduan, lasterketa Arlabandik sartu zen bailarara, datorren urtean Kurtzetako gainetik egingo du.

Egunotan Frantziako Tourra da albiste, astean aurkeztu dituzte-eta 2023ko edizioan Euskal Herrian egingo dituzten hiru etapak. Munduko ziklismo lasterketa ezagunena hona etortzea ez da, baina, berritasuna. Frantziako Tourra 1949an izan zen lehenengoz Euskal Herrian; urte hartan, bederatzigarren etapa Bordelen hasi zuten eta Donostian Louis Caput frantziarrak altxa zituen besoak. Fausto Coppiren eta Gino Bartaliren arteko lehia utzi zuen Tour hark – Coppik irabazi zuen–, baina 1977ra arte Grande Boucle-a ez zen Debagoieneko errepideetara iritsi. Gerora, 1992an Tourra Donostiara itzuli zen ostera ere, besteak beste, Indurainek irabazi zuen erlojupekoarekin.

Hala, 1977ko Tourraz berba egiteko ezinbestekoa da, hasteko, Manolo Zubillagarengana jotzea: "Aretxabaletan ikusi genuen guk Tour hura pasatzen, baina bezperan Gasteizen izan nintzen, helmugan, Jesus Nazabalek hirugarren etapa zelan irabazten zuen ikusten. Hura sekulakoa izan zen, zer eta euskaldun bat Gasteizen irabazten. Gainera, Nazabal KAS taldekoa zen, eta helmuga lantegiaren parean jarri zuten". Zaldibiako txirrindulariari meriturik kendu barik, orduko egunkariek diote tropelak baimendutako ihesaldia izan zela hura, Gasteizko babesleak interes handia zeukalako taldeko ziklistak aurrean ibiltzeko. Pentsa, lantegi pareraino eraman zuten Frantziako Tourra.

"Bezperan Gasteizen ikusi nuen Nazabalen garaipena"

Orduan bi etapa

Aurreratu moduan, 1977ko Frantziako Tourreko hirugarren etapa Oloronen (Frantzia) hasi eta Gasteizen amaitu zuten (246 km). Lasterketa Baztandik sartu zen Nafarroara, Ispegiko mendatetik, eta mendatearen iparraldean ziklistek 45 minutuz geldirik egon behar izan zuten, Herritarrak taldeak leherkari bat jarri zuelako; talde horrek egindako ekintza bakarra izan zen hura. Hain zuzen, harri batzuk errepidera erori zirenez, zaleen eta jendarmeen artean errepidea garbitu behar izan zuten, eta lasterketari berrekin zioten. Pedro Torres, Kuiper eta Van Impe zebiltzan mendiko sariagatik borrokan, eta Ispegin Van Imperendako izan ziren puntuak –baita mendiko maillota ere, Tour amaieran–. 

Gero, Erratzutik pasata tropela Arabarantz abiatu zen; Leitzan jo zuen erasoa Nazabalek, helmugarako oraindik 115 kilometro falta zirenean. Kontua da Arabako lautadan oraindik kilometro mordoa zituela aurretik, eta Zaldibiakoa lautadan baino gehiago aldapa gora ibiltzen zen ondo. Kilometro haietan dezente sufritu zuen. "Zer-nolako txakalaldia pasa zuen orduan, erabat hustuta iritsi zen helmugara", dio urteetan txirrindularitza lasterketetan motor gidari lanetan ibili den Jorge Markiegi arrasatearrak. Baina, tropelaren baimenarekin, edo aurreikuspenetan txarto ibili zirelako, Nazabal abantaila politarekin iritsi zen Gasteizko kaleetara. Eta, Zubillagak aipatu moduan, helmugako unea gogoangarria izan zen.

Uztailaren 4an, ibarretik

Frantziako Tourra hurrengo egunean iritsi zen Debagoienera, laugarren etapan. Gasteiztik abiatu ziren ziklistak, eta Tourreko karabana Arlabandik sartu zen bailarara. Ziklistek etapa luzea zuten aurretik, Tour hartako luzeena, Seignosse-le-Penon-era arte (Frantzia) arte 256 kilometro, eta tartean Deskarga, Jaizkibel eta Ibardingo maldak igo behar zituzten. Hala ere, orduko egunkariek diote jardunaldia izugarri aspergarria izan zela eta etapa hartan lasterketako zuzendari Jacques Goddet-ek hainbatetan mehatxatu zituela zuzendariak, Tour irrati bidez, ziklisten jarrera pasibo horrek lehenbailehen amaitu behar zuela esanez. Hala, lasterketa aurreikusi baino ordubete geroago iritsi zen helmugara. 

"Tourreko karabanarekin geratu nintzen txundituta"

Markiegik jarraitu du berbetan: "Aitari entzun izan diot Dorletako Ama parean geratu egin zirela, baina ez dakit zenbateraino izango den hori horrela. Gaztetako oroitzapenak dira; akaso, aurretik zihoan Tourreko karabanakoak ziren ama birjinari lore eskaintza egiteko geratu zirenak, eta ez txirrindulariak. Baina, lasterketa horren poliki joan bazen hasieratik, batek daki...". Dorletako Amako kide Joserra Agirreurretak ez dauka detaile horren berri, baina Gatzagako santutegian ziklismo museoa jartzeko lanean ibili den lagunetako bat da Agirreurreta. "Eta Eddy Merckx ama birjina parean egon bazen, norbaitek erretraturen bat egingo zuen, seguru. Ni orduan ez nintzen Gatzagan bizi, 18 urte inguru izango nituen eta kanpoan izango nintzen ikasten, ez daukat Tourra ikusi izana gogoan. Egunotan sasoi hartako erretratu mordoa bidali dizkidate zenbait lagunek, baina bakarra ere ez tropela Debagoienetik pasatzen".

Kontuak kontu, Markiegik gogoan du 1977ko uztailaren 4 hartan non ikusi zuen Tourra pasatzen: "Arrasaten, gaur egun Loramendi Kirolak dagoen tokian ikusi nuen, lehengo semaforoak zeuden tokian. Sasoi hartan, Guardia Zibilaren kuartela zegoen bertan, eta zuzen hartan, Garibai kalean, ikusi nituen txirrindulariak pasatzen. Ziklistek baino atentzio handiagoa eman zidan, dena dela, Tourreko karabanak. Ikusgarria zen hura; gogoan dut motor baten gainean zelan zihoan Michelin-eko panpina erraldoi bat, txundituta geratu ginen".

Bergarara, eta Antzuolara

Arrasatetik Bergararako bidea hartu zuten txirrindulariek, eta, Labegaraieta eta San Antonio auzoak pasata, Antzuolarako bidea hartu zuten. "Matz-Errekan lanean nengoen ni", dio Kaxeta antzuolarrak. "Eta lantegian ez genuen baimenik eskatu lasterketa ikusi ahal izateko; horrenbestez, ezin lantegitik irten. Tourreko karabana zetorrela ikusita, edozein leiho zen ona lasterkariak pasatzen ikusi ahal izateko. Ni bulegoan nengoen eta gogoan dut txukun samar ikusi nituela txirrindulariak pasatzen".

"Lantegian ez genuen baimenik eskatu Tourra ikusteko"

Eta apur bat aurrerago zegoen, Deskargako maldetan, urteetara txirrindulari profesional bilakatu zen Mikel Lizarralde oñatiarra. "Ordurako junior mailako ziklista izango nintzen ni, eta gogoan dut bizikletak hartu eta Deskargara joan ginela. Bada, akaso, ez zen etaparik azkarrena izango, baina niri inpresioa egin zidan Deskargako maldak zelan igo zituzten ikusteak. Han ez zegoen ihesaldirik, denak zihoazen batera, baina zelako abiaduran! Den-denak eserita, orduko bizikletek zituzten garapen gogor haiek mugitzen... Irudi hura geratu zitzaidan buruan!".

"Txundituta geratu nintzen Deskarga zelan igo zuten ikusita"

Merckx-en azkena

Hernani parean esnatu zen tropela, tarteko helmuga batengatik saria zegoen jokoan, eta Bianchi taldeko Santambroggio italiarrak jo zuen erasoa. Eta aurrerago, Jaizkibelgo eta Ibardingo mendiko sarietan Van Impe, Danguillaume, Torres, Kuiper eta konpainia etxafuegoka ibili ziren. Behin muga pasata, eta telebistako kamerak ondoan zituztela, tropela serio hasi zen lanean. Ihesaldia egon zen, eta Seignosseko esprintean Peugeot Regis Delepine nagusitu zen –Tourra Bernard Thevenetendako izan zen–. Eta hura izan zen 71 dortsala zeraman mitoaren azken Tourra, Eddy Merckx-ena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak