Modu independentean bizi diren aniztasun funtzionala daukaten pertsonak badaude gizartean, eta ez da hori frogatzeko urrutira joan beharrik. Gaur arratsaldeko aurkezpenean Iñigo Alkorta bergararrak eta bere lagun Nagore Iñurrategik txikitatik elkarbanatutako esperientziak azaldu dituzte: "Iñigo bat gehiago izan dugu kuadrillan, testuinguru normalizatu batean hazi da eta oso erraza da berarekin egotea", aipatu du Iñurrategik. "Bai, txikitan gaiztakeri asko egiten genituen elkarrekin", gehitu du Alkortak.
Arrantzan eta ehizan aritzea du gustuko Alkortak, astean zehar lan egiten du eta inoren laguntzarik gabe moldatzen da etxean. Horrek baditu bere abantailak, baina baita bere desabantailak ere, "bakarrik" sentitzen delako batzuetan. Horregatik, epe ertainera pisu tutelatu batera joateko asmoa erakutsi du, egoera berrira egokitu eta aurrera egiteko ilusioarekin.
Formakuntzak martxan
Debagoieneko erabiltzaileak jadanik hasiak dira Atzegiren aurtengo formakuntzetan trebatzen, hala-nola sukaldaritza, garbiketa, erosketak eta garraio publikoaren inguruko eguneroko kontuak barneratzen. Gizartea eragiteko asmoz, lau kartel eta bideo batez osatutako kanpaina aurkeztuko dute sare sozialetan eta atzegi.eus atarian.
"Gizarte osoaren erronka" baita, Maria Ubarretxena alkateak aipatu bezala, pertsona hauen integrazioa lortzea eta euren eskubideak aldarrikatzeko ausardia izatea.