Auzokoren filosofia hedatzeko, hitzaldiak

Julen Iriondo M. de Zuazo 2022ko urr. 21a, 13:57

Auzokoren aurkezpena Oñatin, eguaztenean.

Orain arte euskaratik urrun bizi izandakoei, hizkuntza ardatz, harrera egiteak duen garrantzia ikusarazteko eta bertako jatorriko ahalik eta jende gehien Auzoko egitasmora animatzeko, hitzaldi zikloa jarri du martxan Euskaltzaleen Topaguneak.

"Askotariko herritarren arteko bizikidetza hizkuntzatik bultzatzeko" Euskaltzaleen Topaguneko aniztasun sailean martxan jarri zen lehen egitasmoa da Auzoko. Euskal Herriko herri eta hirietan "harrera linguistiko ez-formala egiten laguntzeko programa" da, eta 14 urteko ibilbidea beteko du aurtengo ikasturtean.

2022-2023 ikasturtean zortzi tokitan izango da martxan Auzoko: Debagoieneko Eskoriatzan, Aretxabaletan, Arrasaten eta Oñatin –iaz ere lau herriotan egon zen bailaran–, eta baita Ibarran, Soraluzen, Gasteizen eta Donostian ere.

Topaguneko Aniztasun saileko arduradun Onintza Olaizolak emandako datuen arabera, pare bat talde eta 30 pertsona inguru aritu ohi dira Auzokon herri bakoitzean: "Auzokide kolektiboa nahikoa aldakorra da, egoera ezegonkorrean egon ohi da, eta joan-etorri handia egoten da".

Dena dela, euskaratik urrun bizi izandakoen taldea izan ohi da kopuruz handiena Auzokon; bostetik lau, Olaizolaren esanetan, eta bostetik bakarra, berriz, euskararekin bizi dena. Euskaltzaleen Topagunearen nahia litzateke bigarren multzo horretako pertsonen kopurua handitzea ekimenean. "Gure bizilagunak euskarak irekitzen dituen aukeretara erakarri nahi baditugu, ezinbestekoa da aukera horiek zeintzuk diren ezagutzeko modua eskaintzea. Aldi berean, euskararen biziberritzeak aurrera egingo badu, gure herrietan dauden gainontzeko hizkuntzei beren aitortza eta lekua eman behar diegu, eta, horretarako, elkar ezagutu behar dugu", diote. "Horregatik guztiagatik, euskal hiztunok formatu eta kontzientziatu egin behar dugu gure bizilagunei harrera euskaratik eskaintzeko dugun arduraz". Eta Onintza Olaizolak gehitzen du, egon daitekeen ustearen kontra, Auzoko ez dela harengandik urrun daudenei euskara irakasteko ekimena: "Harrera programa da, euskaratik urrun egondakoak euskarara hurbiltzeko, kulturara hurbiltzeko, gure artean txertatzen joan daitezen, baina baita estereotipoak apurtzeko eta kultura aniztasunerako ere". Izan ere, beste hizkuntza eta kultura batzuetatik etorritako herritarrek hizkuntza eta kultur aniztasunerako ekarpena egiten dute ekimenean; truke programa ere bai baita Auzoko. Aldian behin elkartu eta askotariko ekintzak egiten dituzte.

Hainbat gai hitzaldietan

Auzokoren filosofia ezagutarazi eta hedatzeko, Zubi bat euskaratik hitzaldi zikloa antolatu du Topaguneak egitasmoa martxan den zortzi herrietarako. "Ahalik eta euskal hiztun gehien nahi dugu elkartzea hitzaldi hauen bueltan; aukera bikaina da gai honen inguruan ahalduntzen has gaitezen", diote Topagunetik.

Lehen hitzaldia Eskoriatzan izan zen eguaztenean, eta astebetera izango da Debagoieneko bigarrena, Aretxabaletan. Euskara, immigrazioa eta eskola gurutzatzen direnetan gertatzen denaz egingo du gogoeta Huheziko ikerlari Amelia Barquinek: "Euskara biziberritzeko prozesua martxan zegoela, bere gorabeherekin, faktore berri batzuk sortu dira, egoeraren konplexutasunean kualitatiboki eragin dutenak, haien artean, estatuz kanpotik etorritako immigrazioa. Zein dira ondorioak, eta zein dira galdera, erronka eta aukera berriak?".

Gipuzkoako hizkuntza-aniztasuna eta euskara; erronka berriak izango ditu, berriz, hizpide Belen Uranga hizkuntzalariak Oñatin, kontuan izanda lurraldeko biztanleen artean, euskara eta gaztelaniaz gain, 120 hizkuntza baino gehiago hitz egiten direla. Azkenik, Aniztasunaren kudeaketa demokratikoa: euskararen kudeaketa Nafarroan eredu gisa izango da Eusko Ikaskuntzako proiektu arduradun Amaia Nausiak Arrasaten egingo duen hitzaldiaren gaia.

'Zubi bat euskaratik' hitzaldi zikloa

• Urriak 26, Aretxabaleta Euskara, immigrazioa eta eskola gurutzatzen direnean. Zenbait gogoeta. Amelia Barquin (17:30, Zaraia aretoa).

• Azaroak 4, Oñati Gipuzkoako hizkuntza-aniztasuna eta euskara; erronka berriak. Belen Uranga (18:00, kultur etxea).

• Azaroak 10, Arrasate Aniztasunaren kudeaketa demokratikoa: euskararen kudeaketa Nafarroan eredu gisa. Amaia Nausia (18:30, Kulturate-Jokin Zaitegi aretoa).

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak