Digilab: abangoardiako teknologia ikertzea helburu duen laborategia

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2022ko urr. 21a, 10:20

Ikerlan ikerketa zentroak Digilab laborategia inauguratu berri du, eta asmoetako bat da instalazioekin makinen eta prozesuen funtzionamendua "optimizatzea".

Industria adimendua erdiesteko egin beharreko transferentzia teknologikoan aitzindari izan nahi du Ikerlan ikerketa zentroak, eta, horretarako, Digilab laborategi digital multiteknologikoaren ateak ireki berri ditu Arrasaten, Loramendi kalean. Azaldu dutenez, era horretako lehen laborategia da Espainian, eta helburu dute abangoardiako hainbat teknologia ikertzea, azken belaunaldiko azpiegiturak erabilita.

Hain zuzen, Eusko Jaurlaritzako Azpitek programaren finantzazioari esker sortu du Ikerlanek laborategia, 2.000 metro karratuko azalera du, eta 1,5 milioi euroko inbertsioa. Atzo inauguratu zuten, eta bisita gidatua egin zuten instalazioak ezagutzeko. Oraingoz, bi gela nagusi ditu, ordenagailuekin, eta asmoa da alboko espazio hutsean laborategiren bat edo beste sortzea.

Hala, instalazio horiek ezagutzen egon ziren, besteak beste, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen sailburua, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia, Iñigo Ucin Mondragon Korporazioko lehendakaria, Maria Ubarretxenea Arrasateko alkatea eta Ion Etxeberria Ikerlan zentroko zuzendari nagusia.

Izan ere, zenbaitentzako, beharbada, urrun gelditu daitezkeen kontzeptuetako batzuk dira adimen artifiziala, zibersegurtasuna, konputazio kuantikoa edota robotika, baina baliteke luzerako ez izatea, eta, beraz, lehen gerturatze bat egin behar izatea, eremu horiek guztiak lantzen dihardutelako, beste zenbaiten artean, laborategi berrian.

Proiektuak ezagutzen

Bada, gerturatze horretan, proiektu horietako batzuk ezagutzeko aukera izan zuten politikariek eta zenbait enpresetako arduradunek atzo, Ikerlanek uste baitu teknologia digitalek "ia mugarik gabeko aukerak" eskaintzen dizkietela aplikazioei, eta horrek bide eman dezakeela makinen eta prozesuen funtzionamendua "optimizatzeko".

Horren adibide da, esate baterako, bisita gidatuan erakutsi zuten lehen proiektua. Makinen nortasun digitala garatzen baitabiltza, beste gailu batzuekin komunikatzeko orduan identifikatu ahal izateko, gizaki batek nortasun agiriarekin egin dezakeen eran. Baina, horrez gain, badira beste proposamen batzuk ere. Besteak beste, modu autonomoan eta seguruan, makinistarik gabe, ibiltzeko gai diren trenak garatzen dabiltza CAF enpresarekin, edota nork bere burua diagnostikatzeko eta akatsak aurreikusteko sistema adimenduak.

Ekitaldian, hitzartzeak

Bisita gidatua amaitzean, hitzartzeen unea izan zen. Ion Etxeberria Ikerlaneko zuzendariak hartu zuen hitza, lehendabizi. Haren arabera, teknologia berriak "indartsu" daude, eta "errotik" ari dira aldatzen gizakien bizitzak. Uste du trantsizioa "azkartzen" ari dela, eta, beraz, horren harira, Digilabek "ezagutza berriak erakarri eta sortuko" dituela. "Instalazio horiek Ikerlanek etorkizuneko teknologia digitalen arloan dituen gaitasunak indartuko dituzte".

Iñigo Ucin Mondragon Korporazioko lehendakariak ere hitz egin zuen: "Ikerlanen historiako beste jauzi teknologiko bat da hau, etorkizuneko I+Gko espezializazioaren aldeko apustu estrategikoa". Nabarmendu zuenez, digitalizazioa "lurrera ekartzeko" unea da, horrek ekar litzakeen soluzioek "pertsonen egoerak hobetzen" lagun dezaketelako, besteak beste.

Are gehiago, Tapiak ere izan zuen zer esana. Ikerlan zoriondu zuen laborategiarekin eginiko apustu berriarengatik, eta gaineratu zuen "Euskadik bikaintasuna eta berrikuntza" behar duela, eta hori horrelako proiektuen bitartez erdiestea posible izan daitekeela: "Erakundeok uste dugu gure ekonomikoaren lehiakortasuna zentro teknologikoek egiten duten lanean datzala, hein handi batean".

Azkenik, Gipuzkoako diputatu nagusiak hartu zuen lekukoa. "Trantsizio teknologiko digitalak desafio handiak ekarri dizkio lurraldeko industriari, baina baita aukera eta leiho berriak ere". Haren ustez, erronka horiei guztiei aurre egiteko, ahalmen "garrantzitsua" du Gipuzkoak, "zientzia eta berrikuntza sare indartsu bati" esker. "Aitzindari izango dira Digilaben instalazioak".

Elkarrizketak, ezagutzarako

Inaugurazioa amaitzeko, erronka digitalei buruzko elkarrizketak egin zituzten Telefonica Tech, Nestle, Aldakin, Orona, Ingeteam eta Thales enpresetako zuzendariek eta Ikerlaneko ikertzaileek

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak