Almeneko DBH-2ko ikasleek Begisare erakundearekin batera hainbat ekintza antolatu dituzte

Koldo Zubia Salas 2022ko urr. 19a, 16:01

Ikasleak Ikus Nazazu proiektuaren barruan murgildu dira aste honetan; ikusmen murriztua zer den eta honen inguruan ikertzea eta kontzientzia hartzea izan da proiektuaren helburua. Horregatik, astea borobiltzeko, ostiralerako, Aretxabaletako Mitarte kalean ikusmen murriztuaren inguruko hainbat ekintza eta jolas antolatu dituzte. Gainera, borondatearen truke txapak salduko dituzte eta bildutako diru guztia Begisare elkartera bideratuko da.

Arizmendiko Almen ikastolako DBH-2ko ikasleak ikusmen murriztuaren inguruko proiektu batean murgildu dira aste honetan. Proiektuaren helburu nagusia da ikusmen murriztua zer den ikastea eta honen inguruan ikertzea eta kontzientzia hartzea, eta, horretarako, ikasleak Begisare elkartearekin harremanetan egon dira.

Landu duten proiektuaren inguruan hitz egiten aritu dira ikasleak, antolatu duten prentsaurreko batean, Gorka Gabilondo irakaslearen laguntzarekin. DBH-2ko ikasleen bozeramaile aritu dira Lide Guenetxea, Jare Berezibar, Gillen Urkia eta Oier Aranegi.

Astelehenean begisare elkartekoen hitzaldia izan zuten, gaur –asteazkena– Aretxabaletan izan dira ikasleak gaiaren inguruan ikertzen eta txostena egiten, eta bihar, jaso dutenaren berri emango diote Aretxabaletako Udalari. Amaitzeko, ostiralean -urriak 21-, Begisare elkartearekin batera karpa bat jarriko dute Aretxabaletako Mitarte kalean. Hainbat jolas antolatu dituzte ikusmen murriztua duen jendeak egunerokotasunean izaten dituen zailtasunen inguruan kontzientzia hartzeko. Gainera, borondatearen truke txapak salduko dituzte eta bildutako diru guztia Begisare elkartera bideratuko da. 

Ikusmen murriztuaren inguruan ikertu dute

Prentsaurrekoan, ikusmen murriztuaren inguruko datu batzuk ere eman dituzte. Itsutasuna baino maila bat beherago dagoen gaitza da, eta, beraz, betaurreko edo ebakuntzekin ezin daiteke zuzendu. Itsutasuna baino maizago gertatzen den arren, ez da hain ezaguna eta askotariko gaixotasunak sailkatu daitezke ikusmen murriztu gisa; besteak beste, fotofobia, petatxuz beteriko ikusmena, gaueko itsutasuna eta ikus eremuaren galera dira gaixotasun horietako batzuk. Hori dela eta, ikasleen hitzetan: "Aretxabaletako herritarrak animatzen ditugu jarriko dugun karpatik pasatzera eta saltzen ditugun txapa solidarioak erostera".

Ostiralean karpan salduko dituzten txapak eta itsutasun murriztua simulatzen duten betaurrekoak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak