"Leixargarate aterpetxea topaleku ederra da, nahiz eta askok ez ezagutu"

Hasier Larrea 2022ko urr. 22a, 10:01

Aitor Zabalak, Besaide Mendizale Elkarteko kideak, darama Eskoriatzako lurretan kokatuta dagoen babeslekuaren ardura. Azken sei urteetan egokitzapenak egin dituzte, toki goxoagoa izan dadin. 

Besaideko bazkideen artean ere oso ezaguna ez den eraikina da Lizargarate. Arlabango Dorletako ama birjinatik hasten dira bertara heltzeko bidexkak. Autoz, Ozaetatik hurbildu daiteke babeslekutik kilometro ingurura dagoen tontortxora. Makatzgain tontorraren eta Elgeako eolikoen artean dago, Degurixatik eta Atxorrotxetik gertu.

Babeslekua bitan banatuta dago, erdibituta bezala. Apropos al da hori?

Besaidek eta UDAk elkarlanean eraiki zuten, Accion Conjunta Montañesa izenpean, 1971n. Elkarte bakoitzak bere espazioa izango zuela adostu eta itxura hori eman zioten babeslekuari. UDAren esparrua Murrukixo mendizale taldeak kudeatzen du gaur egun. 

Zer dago barruan?

Mendiko aterpetxe batek behar duen guztia. Sukaldea, literak, komuna, jateko mahaiak... Asmoa ere ez da txalet bat bezala hornituta egotea, baina bai asteburu pasa egiteko moduan.

Ze hobekuntza gehitu dizkio Besaidek bere esparruari azken urteotan?

Sukaldeko gunea aldatu dugu, aluminiozko altzaria jarrita. Alikatatu egin dugu, kuriosoago egoteko garbiketari dagokionez. Armairu zaharrak ere kendu genituen, zaborra batzen zen-eta. Tokia irabazi dugu litera zaharrak kenduta: 50 urteko zituzten eta arriskutsu zeuden. da. Litera berrietan ia 3.000 euro gastatu dugu. Egurrezkoak dira, zurgin batek eginak; Ikean merkeagoak dira baina ez dute negu bat irauten. Pareta margotu dugu, eta orain goxoagoa da, argitsuagoa. Bestalde, su-baju berria jarri diogu, berezitasun batekin: egurra erretzen den tokiko airea, kanpotik dator. Garrantzitsua da hori, lehengo su-bajuak, leiho edo atetxorik ez zeukanez, barruko oxigenoa kontsumitzen zuelako. Ondorioz, gauean sua jartzen zenuenean, barruko oxigenoa kontsumitzen zuen, eta barruan zegoenari buruko mina eragin. Hori saihesteko, burdinsare batzuk jarri ditugu kanpoko airea sartu eta berrizteko. Gas isuri bat egongo balitz, babestuta geundeke. Gainera, beste su-baju bat jarri dugu, neguan gela ordubetean berotzen duena. Izan ere, hemen hezetasun handia dago, itsas mailatik 1000 metrora baikaude.

Baduzue oraindik esku hartze gehiago egiteko asmorik?

Nagusiki, bi. Ur biltegi handiagoa instalatu nahi dugu, lehorte handiagoak izango ditugulako hemendik aurrera eta jende gehiago etortzea ere gustatuko litzaigukeelako. Teilatuari teila berriak ere jarriko dizkiogu, noizean behin aldatzea komeni da eta. 

Mantenua ere eskatzen du eraikinak.

Bonbillak erretzen badira berriak jarri,  ur biltegiaren egoera gainbegiratu... Eta neguari begira, egurra egin. Lan hori ezinbestekoa da. Lau lagun aritzen gara modu konstantean, Murrukixoko kideak barne. Beraiek datozenean gure gunea ere begiratzen dute, edozein kontu abisatzen didate, eta alderantziz. 

Dirulaguntzarik jasotzen al duzue?

Elkarte bakoitzak bere herriko udalarena: Besaidek Arrasatekoarena, eta Murrukixok Aretxabaletakoarena. Urteroko dirulaguntza da, klubak jaso eta banatu egiten du jarduera desberdinetarako, tartean, aterpetxerako. Beharrak identifikatu, inbentario bat egin eta hurrengo urterako proiektua definitzen dugu.

Bada UDAk eta Besaidek partekatzen duzuen zerbait?

Ura eta argia. Elkarrekin berriztu genuen instalazio elektrikoa 2020an: plakak,  bateriak, bonbillak aldatu genituen.

Ze baldintza bete behar dira Leixargarateko erabiltzaile izateko?

Gure gela erabiltzeko, gutxienez aterpetxera datorren pertsona bat Besaideko bazkide izan behar da, arduratsua eta 18 urtetik gorakoa. Eta argi izan behar da babesleku funtzioa betetzen duela. Hau da, hogei lagun baldin badaude, eta beste 20 baldin badatoz ekaitza egiten duen egun batean, barrukoek ezin diete atea itxi. Jendea hasi da pentsatzen lokal pribatu bat bezalakoa dela: zuk alokatu duzunez, atea itxi dezakezula. Ba ez, ezin diozu inori sarbidea itxi. Beste kontu bat da eguraldi ona egiten badu eta bazkide ez diren lau tipo agertzen bazaizkizu bazkaltzera datozela esanaz. Orduan eskumena duzu ezezkoa esateko. Egoeren kasuistiken arabera. Elkarte gastronomiko baten antzerakoa da. Espero duguna da, egin ditugun egokitzapenekin, topaleku baten izaera berreskuratzea. Mendia oso indibidualista bihurtu da azkenaldian. Babeslekua lehengo talde izaera horren alde egiteko dago.

Gaua pasatzeko ordaindu egin behar da?

Lehenik eta behin, fidantza bat jarri behar da, eta automatikoki gordetzen zaio tokia, normalean, asteburu osorako. Asteburu horretan agertuko ez balitz, ez litzaioke fidantza itzuliko, Arrazoi indartsu bategatik ez bada. Fidantza euren ostean datozenek egoitza ondo dagoela frogatzen dutenean itzultzen zaie erabiltzaileei. Arazoren bat balego, gu etortzen gara, eta begiratu nola dagoen. Normalean ez da halakorik pasatzen. Baina eskatzen dena da erabiltzaile orok ardura hartzea. Modu horretan jendeak babeslekuaren mantenuan parte hartzen du. Fidantzaz gain, eguneko kuota sinboliko bat ordaindu behar da, bazkide izateagatik merkeagoa. 

Izan duzue arazorik erabiltzaileren batekin?

Normalean jendea ondo portatzen da, ingurunea eta artzainak errespetatuz. Baina batzuetan gatazka batzuk sortzen dira, jendeak eragiten dituen ezbeharren ondorioz. Ikertu beharra egoten da, nor egon den noiz. Mantenu lanaren alderik txarrena jendeari deitu behar diozunean etortzen da: "Aizu, gaizki portatu zara eta neurriak hartuko ditugu". Halakoetan, aukera bat izaten da egurra egiteko edota margotzeko lanak egiteko laguntza eskatzea. Baina, orokorrean, hemen gertatzen dena hemen geratzen da.

Zer egin behar da Besaideko bazkide egiteko, eta zergatik merezi du bazkide egiteak?

Besaideren egoitzatik pasa –Arrasateko Garibai etorbideko 3.ean–, astearteetan, 19:30etik 20:30era bitartean. Edo begiratu webgunean informazio gehiago. Oso merke irteten da urteroko kuota ordaintzea. Mendiko federatua izan nahi baduzu, derrigorrezkoa da klub batean izena emanda egotea. Klubak berak laguntzen dizu federatzeko tramiteak egiten. Bestalde, ia hilero antolatu ohi ditugun ekitaldietan beherapenak dituzte bazkideek: Pirinioetara edota Europako Tontorretara zeharkaldiak egiten ditugunean, eskalada zein orientazio ikastaroak antolatzen ditugunean, elur-guneetara irteten garenean... Halako jardueretan klubeko bazkideekin parte hartzeak abantaila ugari ditu, esate baterako, seguruago zoaz, partaideek ezagutzen dituztelako tokiak. Gainera, beste giro batean mugitzen zara, eta jende berria ezagutu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak