Deba ibaia da bailara batzen duen ur emari nagusienetako bat. Hiruerreketan hasi, Leintz Gatzagan, eta Bergararainoko bidea egiten du. Herri guztietatik igarotzen ez den arren, bertara iristen dira erreka-adar guztiak: Aramaio, Oñati, Elgeta eta Antzuola. Are gehiago, hark ematen dio izena eskualdeari ere.
Bada, hori gogoan izanda, eta inguruko errekak bizirik mantentzeak duen garrantziaz jabetuta, Debagoienean errekak bizi auzolanean ekimena sortu dute zenbait eragilek. Hala, Erreka Eguna ospatuko dute bihar herriz herri, erreka auzolanak egiteko.
Bergarako Erreka Batzordeko kidea da Arianne Kereaga, eta ekimen honen sustatzaileetako bat. Azaldu duenez, Bergarako erreka garbiketak hamargarren edizioa du aurten, eta hori aitzakiatzat hartuta sortu zen egitasmoaren ideia. "2013an egin genuen lehenengoz, Soraluze kooperatibak 50 urte betetzean, proposamena eurek egin baitzuten". Udalarekin zein herritar talde baten laguntzarekin, lehen erreka garbiketa antolatu zuten. "Ukitu gabe zegoen, jende asko ere sekula jaitsi gabe, eta txatarra pila bat agertu zen".
Ordutik, urtero egin dute erreka garbiketa Bergaran, eta aurrez ere eginak zituzten beste herri batzuetan; esate baterako, Antzuolan. Datu zehatzik ez dago, baina zikinkeria ugari bildu ohi da Deba ibaian eta bere adarretan, eta Bergarara iristen da guztia. "Beti esaten dugu zentzua edukiko lukeela dena garbitzea, sasoi berean ez bada ere. Urak beherantz eramaten baitu guztia, eta baita haizeak ere", zehaztu du Kareagak. Beraz, horretaz ohartuta, inguruko eragileak "xaxatzen" hasteko hautua egin zuten.
Bateratzeko lehen urratsak
Txatxilipurdi elkartea da eragile horietako bat, eta bertako kideetako bat Iker Agirre. "Askotan komentatu dugu Bergarako ekintza badela gure elkartearekin eta helburuekin bat datorren ekimen bat, eta aukera ikusi genuen hori dimentsionatu eta Arrasatera ere ekartzeko". Gainera, jakinarazi du elkartean badutela Berdean hezi lan ildoa, eta, horrez gain, herri hezitzailearen begirada garatzen ahalegintzen direla. "Ikuspegi horretatik egin dugu tira. Ikusi dugu historikoki hirigintza ereduak baztertuta utzi duela erreka Arrasaten, eta horrek ibaia oso urrun sentitzera garamatzala". Harreman hori berrartzeko, beraz, bergararren proposamena "aukera polita" iruditu zitzaien, auzolana erdigunean jarrita.
Izan ere, ekimenak hezitzailea izateko nahia du. "Garbiketa hitza ateratzen zitzaigun hasieran, baina hitzaren konnotazioa kendu nahi genuen, auzolana ez delako soilik garbiketa, baizik eta baduelako zer kohesio sozialetik ere elkarteak batzeko edo egun hain urrun bizi dugun baina horren gertu dugun natura beste era batera bizitzeko", nabarmendu du Arregik. Gainera, uste du herriak eurak hezitzaileak direla, eta, beraz, horrelako ekimenak beharrezkoak direla, tokian tokiko eragileek eta administrazio publikoek sustatutakoak. "Azkenean, herritarrak balio hezitzaile batzuetan hasteko aukera ematen du".
Kareagak ere gaineratu du Bergaran orain artean eginiko bederatzi edizioetan ateratako ondorioetako bat dela euren inguruko seme-alabek ez dutela egun hau inondik inora ere galdu nahi. "Belaunaldi berriek errekarekin harremantzeko beste modu bat sortu dute. Guk ez genuen askotan begiratzen, baina haiek jaitsi egiten dira errekara, bainatu... Beste erlazio bat eraiki dute".
Gainontzeko eragileekin
Horretaz jardun ostean, beste eragile batzuekin batzeko hautua egin zuten Bergarako Erreka Batzordeak eta Txatxilipurdi elkarteak, eta batzar bat egin zuten uda aurretik, Arrasateko Besaide Mendizale Elkartea ere gonbidatuta. "Orduan animatu ginen eskualdera salto egitera, ateratzen zena ateratzen zela ere", adierazi du Kereagak.
Ingurutik babesa jaso zutela azaldu du bergararrak. Udalen kasuan, adibidez, erantzun "ona" jaso zuten, eta baita Fagor Taldetik eta Debagoiena 2030 plataformatik ere. Arrasateko kasuan, AED Arrasate Euskaldundu Dezagun elkarteko zuzendaritza batzordeak ere bat egin du erreka auzolanarekin, ibaia hilko balitz, eskualdea eta, ondorioz, hizkuntza bera ere akabatuko liratekeelako. "Bizirik behar dugu ibaia, bizirik bere emarira batzen den erreka txikiena, Debagoiena eta bere jatorrizko hizkuntza, gure euskara, biziko badira". Beraz, parte hartzeko dei egin du.
Goienak ere bat egin du
Eragile horiez gain, ordea, badira bat egin duten beste batzuk ere. Esate baterako, Goiena Komunikazio Taldea. Kareagaren hitzetan, azken hilabeteotan Erreka Egunaren komunikazioaz arduratu da komunikabidea, eta hala izan da. Julen Iriondo kazetaria Deba ibaiaren gaineko ikus-entzunezko piezak egiten aritu da azken asteetan, eta Goiena telebistan emititu zen atzo lan osatua. Gainera, bihar ere jarraipena egingo da sare sozialetan zein webgunean, eta, gerora, irudi horiek guztiak aurrez filmaturikoekin elkartu, eta herriz herri egingo dira emanaldiak.
Hala, elkarlana oinarri nagusienetako bat den honetan, eskualdearen izaera lantzeko saiakera egiteko nahia dute sustatzaileek. "Askotan hitz egiten da Debagoienaz, baina zerk batzen du bailara? Nik uste dut horrelako ekimen bat aproposa izan daitekeela, eta, beraz, bailarari ikuspegia eman diogu", kontatu du Agirrek, erantsita herri bakoitzak bere izaeraren arabera antolatu duela biharko eguna.
Aurrera begirako asmoak
Herri bakoitzak, beraz, funtzionatzeko bere era izango du. Esaterako, Puntaik Punta jaialdia ospatuko da Arrasaten Erreka Egunaren aldi berean, eta egitarauaren parte da Elorregirainoko ibilbide gidatu bat aditu batekin. Ekimen paralelo bat izan arren, Agirrek jakinarazi du, agian, egongo dela zer ikasia.
Gainontzeko herrietan, berriz, garbiketaz gain, hamaiketakoa egingo da, eta, kasu batzuetan, baita ekintza solteren bat ere: Bergaran, adibidez, hamargarren edizioa ospatzeko musika-eta egongo da jarrita Seminarioan.
Dena den, behin auzolanak egin ostean egin beharko da balorazioa. Gaur-gaurkoz, 500 pertsona inguruk eman dute izena aurrez prestaturiko galdetegian, eta haiek guztiak bertaratzea espero da, baina antolatzaileek ohartarazi dute auzolanak egin ostean jakingo dela zenbateko zehatza, egongo direlako izena eman ez baina parte hartuko duten batzuk ere. "Baloratu beharko da, baina inoiz ez da egon bailara mailako auzolan bat, eta, beraz, hau abiapuntu bat izan daiteke", erantsi du arrasatearrak.
Oñatin jardunaldiak
Oñatin, aurten, ez da egingo erreka auzolanik, nahiz eta oñatiarrek izango duten beste eremu batzuetara joateko aukera, parte hartu nahi izanez gero. Izan ere, badituzte beste proiektu batzuk esku artean: Ibailagun jardunaldiak, esaterako. Hamargarren urtea dute aurten, eta Oñatiko erreketako presetan dute jarrita, batik bat, arreta. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak Garibai Errota, San Pedro eta Zubillaga izenekoak eraisteko asmoa du, eta Diputazioko teknikariek horren gaineko azalpenak emango dituzte azaroan edo abenduan.
Dena den, aste honetan herriko errekak hobetzeko plana ahalbideratzeko tailer bat egin dute. EHU Euskal Herriko Unibertsitateko biologo eta doktore Joserra Diez eta Unai Ortega izan dira saio horren gidari, eta, gainera, domekan, Olateko indarretxera irteera bat egingo dute Araotzetik abiatuta. 08:30ean izango da autobusa, San Lorentzoko geltokian. Eta, martitzenean, berriz, Monopolia: agua, negocio y poder politico (Monopolia: ura, negozioa eta botere politikoa) dokumentalaren emanaldia egingo da Zinema aretoan, 19:00etan.
Herriz herri egindako hitzorduak
- Antzuola Herriko plaza, 10:30.
- Aramaio. Herriko plaza, 10:30.
- Aretxabaleta. Herriko plaza, 09:30. Hamaiketakoa, 13:00etan.
- Arrasate. Arizmendiarrieta plaza, San Isidro eta Elorregi, 09:30. Hamaiketakoa, 13:00etan.
- Bergara. Seminarioa, Labegaraieta eta Osintxu, 09:00. Hamaiketakoa, 13:30ean.
- Elgeta. Herriko plaza, 09:30. Hamaiketakoa, 13:00etan.
- Eskoriatza. Santa Marina plaza, 10:00.
- Leintz Gatzaga. Herriko plaza, 09:00.
'Errekak Bizi' lanaren emanaldiak
- Antzuola. Urriak 26, 18:30. Olaran Etxea.
- Aretxabaleta. Azaroak 3, 18:30. Zaraia aretoa.
- Arrasate. Urriak 24, 18:30. Kulturate.
- Bergara. Urriak 24, 18:30. Irizar Jauregia.
- Elgeta. Urriak 27, 18:30. Espaloia Antzokia.
- Eskoriatza. Urriak 20, 18:30. Zaldibar Antzokia.
- Leintz Gatzaga. Urriak 26, 18:30. Gatz Museoa.
- Oñati. Urriak 27, 18:00. Kultur Etxea.