87 urteko arrasatearra da Bittor Bonet, eta 2019an koloneko ebakuntza egin zioten Donostiako Onkologikoan, paziente minbizidunak artatzeko espezilizatutako ospitalean. Garai hartan hasi zen, hain justu, zentro hori Osakidetzan sartzeko prozesua, ordura arte Kutxa Fundazioak kudeatzen baitzuen. Hiru urteotan zentroaren desegite progresiboa gertatu dela dio Bonetek.
Nolako prozesua pasa duzu minbizia atzeman eta gaur egun arte?
Debagoieneko Ospitalean kolonoskopia bidez minbizia atzeman eta hiru hilabetera egin zidaten ebakuntza Onkologikoan. Tartean, Gasteizera ere bidali ninduten, zer eta beste kolonoskopia bat egiteko. Kexatu egin nintzen, asko, gainera, eta Donostiako Onkologikora bidali ninduten interbenitzeko. Koloneko minbizia sendatu egin zait ebakuntzaren ondorioz, gaitza lokartuta dago, eta, zorionez, ez dut kimiorik hartzen.
Zortea izan duzula uste duzu?
Justu-justu libratu nintzela esango nuke; denbora gehiago zain egon izan behar banu, auskalo. Orain, litekeena da pazienteek gehiago itxaron behar izatea; izan ere, mediku eta baliabide onak daude Osakidetzan, baina profesionalak falta dira; hein handi batean, espezialista onenek beste herrialde batzuetara alde egiten dutelako lanera. Ondorioz, aparatu bereziak erabiltzen dakiten profesional gutxi daude; esaterako, koloneko ebakuntza egiteko kualifikatuta daudenak. Horrek gaixo minbizidunen artapena eskastu egiten du.
"PAZIENTEOK ONKOLOGIKOKO KALITATEZKO ZERBITZUAREN ITZULERA ESKATZEN DUGU"
Adibideren bat jar zenezake?
Nire semeak hilabete darama gaitz larri batekin. Gasteizen artatzen dute, baina hitzorduak atzeratzen dizkiote. Zita biharko baduzu, gaur jaso dezakezu deia, medikua ez dagoela eta deituko dizutela berriz. Kontua da minbizia gai dela zain ematen duzun epe horretan heriotza eragiteko.
Pazienteek bakarrik ez, Onkologikoko profesionalek ere asteon salatu dute egoera ezegonkorra bizi dutela.
Ezagutzen dut bertan 30 urtetik gorako lan esperientziadun profesionalak. Motibazioa galdu dute, ez dakitelako non amaituko duten. Izan ere, langileei Kutxak ordaintzen die oraindik ere, eta ez Osakidetzak, ez baitu horretarako interesik. Osasun sistema publikotik gero eta lan gutxiago bidaltzen diete; ziur aski, asperrarazi eta zentrotik alde egin dezaten. Nik argi dut Osakidetza kudeatzen dutenek Onkologikoarekin amaitu nahi dutela.
Kontrakoa adieraziko duzue bihar.
Donostiako zentro honen lehengo izaera berreskuratzea aldarrikatuko dugu, ez gehiago eta ez gutxiago. Europa mailan erreferentea izan da; 1933a ezkero dago martxan, lehenengo Egian eta gero Zorroagan, Donostiako Ospitalearen alboan. Gaixotasunaren prozesu osoaren jarraipena egiten zizuten. 2019an, 60 gaixo artatzeko gaitasuna zuen; gaur egun, bospasei bakarrik, eta eskas. Jada ez dute ez operatzen ezta tratamendurik egiten ere. Kezkatzekoa da, Gipuzkoa iberiar penintsulan minbiziagatik heriotza-tasa handienetakoa duen herrialdeetako bat delako. Bailaran, urrutira joan gabe, aire kutsatu asko arnastu dugu, fundizioekin, zabortegiekin…
Onkologikoaren Pazienteen Batzordeak eta Onkologiako Enpresa Batzordeak deitu duzue manifestazioa.
Bi aldeak, pazienteak eta osasun langileak, batuta gaude zentroa desegiten hasi zirenetik. Bularreko minbizidun hainbat emakume, hedabideetan agertu direnak, hasi ziren mugitzen. Tratu txarrak salatu izan dituzte, ebakuntzaren ondorioz titia moztu eta gero, estetikagatik berriz jartzera bultzatzen zituztelako.