Nerea Mujikak, Gerediaga elkarteko presidenteak, azaldu duenez, aurtengo edizioan euskal kulturaren "eztanda" biziko da: "Sorkuntzaren eta jaiaren eztanda izango da; Durango osotik eta Euskal Herri osorako zabalduko den eztanda. Bost egunez iraungo duen eztanda".
Ohiko egitaraua bueltan dagoenez, Azoka Ikasle Goizarekin hasiko da. Bertaratuko diren milaka ikasleek hainbat jardueratan parte hartzeko aukera izango dute –PortaDA! erronkan edo komikiak sortzeko tailerrean, esaterako–. Eta hezitzaileek, lehenengo aldiz, tailerrak jasoko dituzte– hezkuntzarako baliabide digital libreei buruzko saioan eta euskal kulturaren transmisioaren gaineko hitzaldian–. Informazio gehiago Durangoko Azokako webgunean aurkitu daiteke.
Horretaz gain, bost egunetan zehar hainbat kultura ekintza egongo dira bertaratzen direnentzat, hainbat gunetan: Irudienea, Saguganbara, Ahotsenea, Kabi@, Talaia eta Szenatokia. Diziplina askotariko sortzaileek urriaren 15era arte daukate euren proposamenak bidaltzeko eta egitarauaren parte izateko.
Landakoguneko aurrez aurreko erakusmahaiez gain, aurten ere etxetik erosketak egiteko aukera egongo da abenduaren 7tik 10era. Denda digitalean Azokako nobedade guztiak egongo dira eskuragarri. Eta behin azoka amaituta, Zu non, han DA! egitasmoaren bitartez, Euskal Herriko hamaika dendatan nobedadeak erosteko aukera egongo da –horiek ere izena emateko aukera dute–. Horretaz aparte, lehenengo aldiz, liburu-aurkezpenak antolatuko dira liburu-dendetan.
Ruben Ramosen irudia
Agerraldian, edizio honetako irudia ere aurkeztu dute, Ruben Ramos ibilbide luzeko diseinatzaile eta sortzaileak egindakoa. Haixe esan du hark: "Unibertsoaren eta Big Bangaren hedapenera eramaten gaitu. Inklusibitatearen baitan, pertsona ezberdinen –ez emakume, ez gizon–ideiak, ilusioak eta norberaren imajinazio koloreduna irudikatu ditut. Kulturak berak, bai literaturak, bai musikak, beste leku batera eramaten gaituen isla".
Kartelaz gain, DA! irudi korporatiboarekin batera zabalduko den ikono berri bat sortu du aurtengo ediziorako: "Izar moduko ikono bat da, eztanda irudikatzen duena".