Euskararen biziberritze prozesuan beste fase batera pasa beharra dagoela azpimarratu dute Euskaltzaleen Topaguneko lehendakari Kike Amonarriz eta federazioko zuzendari Jasone Mendizabalek. Erabileran jauzi bat ematea helburu modura jarrita, Euskaltzaleen Topagunea osatzen duen euskara elkarteen mugimenduak ekarpen garrantzitsua egin dezakeela aipatu dute.
Horretarako prestatzeko eta mugimenduak egin beharreko ekarpen nahiz eraldaketaz gogoeta egiteko 2023an Kongresua egingo duela iragartzeko baliatu zuen Topaguneak atzoko ekitaldia.
Egindako ibilbidearen aitorpenak ekitaldian lekua izan duen arren, aurrera begira jarri da Topagunea urteurren ekitaldiarekin. Datorren urtean egingo den gogoetaren hainbat elementu aipatu dira, mugimenduaren oinarri izan diren ezaugarriak ahaztu gabe.
Kide eta boluntarioen hitzak
Euskara elkarteen mugimenduko kideez gain euskalgintza, erakunde, gizarte eragile, alderdi politiko eta eragile sindikaletako ordezkariek parte hartu dute ekitaldian. Topagunearen 25 urtetako historian erakundearen ordezkari izan diren lagunak, Euskal Herriko lurralde ezberdinetako euskara elkarteetako ordezkariak, mugimenduko jardueratan boluntario zein parte hartzaile diren kideak eta egun federazioaren ordezkari diren kideak izan dira ekitaldian hitza hartu dutenak.
Euskaltzaleen Topagunearen lehendakari izandako Joxemari Muxika, Karmen Irizar, Elena Laka eta Mikel Irizarrek ere hitza hartu dute ekitaldian, 25 urteotan izandako bizipenak kontatuz eta etorkizunerako mugimenduarentzat ipar izan daitezkeenak aletuz. Topagunearen lehen lehendakari izan zen Fernando Muniozgurenen senitartekoek ere parte hartu dute ekitaldian.
Euskal Herriko lurralde ezberdinetan du presentzia egun Euskaltzaleen Topaguneak eta horren testigantza ere jaso da Hendaiako Mintzaian, Gasteizko GEU, Iruñeko Txantrea auzoko Euskaldunon Biltoki, Arrasateko AED eta Bilboko Zenbat Gara euskara elkarteetako kideen aldetik. Horrekin batera, euskara elkarteen jardueretan parte hartzen duten kide eta boluntarioen hitzak ere entzun ahal izan dira. Azkenik, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari Paul Bilbaok ere euskara elkarteen mugimenduaren ekarpena aitortu du ekitaldian.