Zalantzari leiho bat irekiaz, Eraldaketan jardunaldia egin dute gaur, goizetik eguerdira bitartean, Arrasateko Iturripe kiroldegian. Lan esparrua euskalduntzeko helburuarekin sortutako Emun kooperatibaren 25. urteurrena ospatu zuten modu horretan, eta hitzordura, emunkideez gain, administrazio eta enpresa arloko ordezkari ugari bertaratu ziren; tartean, bailarako alkateak eta Aldundiko eta Mondragon korporazioko goi-karguak.
Topaketari hasiera emateko, Nico Cuencak eta Naiara Goiak hartu dute hitza, eta ekainean enpresetako aniztasunaren eta elkarlanaren gobernantzari buruz egindako online saioen zutabe txiki batzuk aipatu. Gero, bidaia batean murgildu dira Amaia Asuaren, Satur Ormazabalen, Julen Mendozaren eta Arantza Santestebanen esperientziak arretaz entzunda. "Beraien bitartez, ondorio batzuk atera ditugu; esaterako, euskalduntze prozesuan zalantzak sortzen direnean norbait alboan izatea oso lagungarria dela; egoera batzuetan arazoa norbera izan daitekeela galdetzean, protagonista bihur gaitezkeela; pertsona batzuek guri buruz esan nahi dutena entzuten ez jakiteak; eta planifikazio estrategiak diseinatzera ohituta gaudela, egoeraren potentzialtasuna irakurtzen jakin gabe", azaldu du Amaia Baldak, Emuneko koordinatzaile orokorrak. Saio horretan sortu diren galderak Ainhoa Lasa emunkideak gidatu ditu, eta, jarraian, sorpresa ederra hartu dute gonbidatuek, Anari kantautorea igo baitzen oholtzara; Nacho Vegasen Vinu, cantares y amor euskarazko bertsioa eskaini zuen.
Ekitaldia, eskertza gisa
Eguerdian egin zuten ekitaldi berezia. Lan esparrua euskalduntzeko ibilbidearen gaineko bideoak proiektatu zituzten, dantzari baten mugimenduekin harilkatuz, eta, azkenik, otordua egin zuten.