Debagoieneko musika harrobiaren erakusleiho izango den Danbaka musika lehiaketaren bosgarren aldia abiatzeko astebete besterik ez da falta. Goiena Komunikazio Taldeak antolatu du, Bergarako Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuaren babesletzarekin eta Sein enpresaren laguntzarekin.
Emanaldi guztiak 21:30ean hasiko dira, eta sarrerak kontzertuaren egunean Seminarixoko leihatilan eskuratu ahalko dira, lau eurotan –Goienakideek doan izango dute, baina Goiena app-etik txartela erakutsi beharko dute sarreran; eta Goiena app-a jaitsi eta alta emanda du- tenak, berriz, bi eurotan–. Sarreren aurretiko salmentarik ez da izango.
Epaimahaiak aukeratutakoak
Bost kontzertutan banatuta, guztira, hogei proiektu izango dira agertokian lehian –lau talde emanaldi bakoitzeko–. Julen Narbaizak, Kristina Markinak, Aitor Aldanondok, Iñigo Ugartek eta Nerea Loron La Furia-k osatzen duten epaimahaiak hemeretzi aukeratu zituen: Oñatiko Broken Legacy, Letagin, Sukena, Inguma eta Aiert; Arrasateko Sindy Berbenas, Etxepe eta Bergarako eta Arrasateko kideak dituen Erromintxelak; Bergarako Arragoa, Islabat, Eyharts, Orhi, Ktarsia eta Antzuolako kideak ere badituen Lemak; Antzuolako Kiimak; Eskoriatzako eta Aretxabaletako kideak batzen dituen Jasan; Aramaioko The Clayton; Aramaioko, Eskoriatzako eta Atxondoko musi- kariekin osatutako Balarrasa eta Aretxabaletako eta Otxandioko kideak dituen Iluminaztizz. Publikoak, ostera, 112 talde arrasatearra hautatu du.
Aurkeztutako 31 musika-proiektuetatik aukeraketa egitea ez dela lan erraza izan dio epaimahaikide taldeko kide Iñigo Ugarte musikariak: "Orokorrean, eskualdeko musikagintzan aberastasun eta kalitate handia dagoela ikusi dugu. Batzuk aurretik ezagutzen nituen eta ibilbide luzea duten proiektu sendo asko daudela berretsi dut, baina kuriositate handia nuen proiektu txikiago edo berriagoekin; hau da, gaur egun nahiko ohikoak diren etxeko estudio txikietan zer sortzen ari den ikusteko, eta horien artean ere oso gauza interesgarriak aurkitu ditugu, zabaltzen genuen karpeta bakoitzeko sorpresa politekin egin dugu-eta topo. Zaila izan da aukeraketa eta pena handiz utzi behar izan ditugu hainbat proiektu kanpoan, eta, kide bakoitzak bere aukeraketa egin badu ere, aukeratutako hemeretzi horietan epaimahaikide guztiok nahiko irizpide antzerakoa edo bateragarria izan dugu. Aukeratu barik geratu direnei esan nahiko genieke aurkezteagatik bakarrik denek merezi dutela zuzenean jotzera iristea; hala ere, espero dugu baliagarria izatea aurrerantzean zuzenekoak lotzeko eta hurrengo edizioan parte hartzeko gogoa pizteko. Eskerrak eman gura dizkiegu, bada, parte hartu duten guztiei".
Lehenengoa, urriaren 14an
Datorren egubakoitzean 21:30ean hasiko da Seminarixoko agertokian lehiaketa. Lau talde izango dira taularen gainean: Bergarako eta Antzuolako Lemak taldeak pop-rock doinuak eskainiko ditu; Antzuolako Kiimak taldeak ere bide antzerakotik eskainiko du bere kantu zerrenda; punk eta rock-and-roll doinuekin bustitako kantuak erakutsiko ditu Aramaioko The Clayton taldeak; eta Aretxabaletako eta Eskoriatzako musikariek osatutako Jasan taldeak borobilduko du lehen emanaldiko laukotea, metal eta rock gogor estilo doinuak eroanda.
Hurrengo lau saioetan ere agerian geratuko den moduan, ezaugarri eta estilo askotariko taldeak izango dira agertoki gainean emanaldi bakoitzean; lehenengo emanaldiko eskaintza da horren erakusle. "Gustura entzun ditut aurkeztutako taldeen kantu guztiak, eta gogotsu nago orain musikariek taularen gainean eskaintzeko dutena ikusteko", dio Iñigo Ugartek.
"Sinistuta gaude Danbaka plaza ederra izango dela eskualdeko musikarien uzta berria behar den moduan loratzeko. Ordu erdiko hogei emanaldi ditugu aurretik, gozatu eta gozarazteko, eta, horregatik, musikazaleei edo musikarekiko jakin-mina duzuen guztioi Seminarixora etortzeko gonbidapena egin gura dizuegu, seguru gaude-eta hogei horien artean izango dela gustuko izango duzuen proposamen bat baino gehiago", dio Danbakako koordinatzaile den Jokin Bereziartuak.
Telebistan ere ikusgai
Goienako hedabidetan jarraipen zabala egingo zaio Danbakari. Kontzertuak osorik eskainiko dira.
Chill out gunea kanpoan
Seminarixoa aretoan, barruan, izango dira Danbaka lehiaketako kontzertuak, baina kanpoaldean ere, arkupeetan, izango da non gozatu; izan ere, chill out gunea izango da han, 20:00etan hasita, kontzertuak izango diren egun guztietan.
Zuzeneko musikarekin gozatzeko aukera gehiago emango du gune horrek; lehiaketako lehen taldearen emanaldiaren aurretik giroa berotzeko asmoz, beste musika proposamen batzuk izango dira gozagarri. Emanaldi horiek doan izango dira.
Zuzeneko musikaz gainera, jatekoak eta edatekoak ere izango dira, Elorregin izaten den Sanprubusa San Martin plazaraino joango da eta. Areto kanpoaz gainera, barruan ere beste barra txiki bat jarriko dute.