Gaurtik aurrera eman dezakete izena herritarrek Euskaraldian www.euskaraldia.eus gunean sartuta. Aurtengo izen-ematea berrikuntzekin dator, ordea, aurreko edizioetan parte hartu zutenek parte-hartzea berretsi beharko baitute egitasmoaren webgunean edo posta elektronikoan jasoko dituzten mezuen bidez.
Arratsaldean egin dute izen-ematearen hasiera ospakizuna Bilbon eta bertan izan dira herrietako batzordeetako kideak, entitateetako arduradunak, euskalgintzako eta gizarte alorreko kideak eta erakundeetako ordezkariak.
Euskara zabalduz
Antolatzaileek nabarmendu dute, beste edizio batez lortu nahi dutela herritarren hizkuntza ohituretan eta praktika linguistikoetan euskarak gero eta toki zabalagoa izatea.
Halaber, adierazi dute ariketa amaitu bitartean, ahobizi eta belarriprest-ei informazioa eta aholkuak ematen jardungo dutela ekimena antolatzen ari diren herri batzorde eta koordinazioko kideek. Izan ere, "guztiek ariketa ahalik eta modu prestatu eta erosoenean" egitea nahi dute.
Aurreratu dutenez, datozen asteetan herritarrek beraien hizkuntza ohiturak aldatuz izan dituzten lorpenak bistaratuko dituzte; baita aurtengo edizioetako rol nahiz entitateek izango dituzten erronkak ere: "Lorpenak behar ditugu, euskaraz bizitzeko urrats berriak. Zinez uste dugu lorpen askoren gehiketatik joango garela, gizartean euskararen presentzia handitzeko urratsak ematen".
Entitateak Arigune sortzaile
Urriaren 31 arte aukera daukate mota guztietako entitateek Arigunea-k osatu eta Euskaraldian izena-emateko; Arigunea-k identifikatu eta talde moduan hartu ahal izango dute.