Optikari, sukalde muntatzaile eta autobus gidari lanetan aritu bazen ere, betidanik izan da Miguel Angel Casadoren nahia kooperatiba bat sortzea. Duela hogei urte jarri zuen martxan Rotudenak S. Coop. enpresa Arrasaten, Sonia Alainezekin eta Luis Aragonesesekin batera.
20. urteurrenerako ospakizunik?
Ez; izan ere, ez da harrotzeagatik, baina lan askorekin gabiltza. Garai hobeak eta txarragoak izan ditugu. Kostatu zaigu, baina, gaur egun, ondo ezagutzen gaituzten bezeroak dauzkagu.
Errotulazioa, kartelak, inprimaketa digitalak, irudi korporatiboak... Denetarik egiten duzue.
Gure bezeroak enpresa handiak dira, gehienbat, baina komertzio txikiekin ere egiten dugu lan. Denetarik egiten dugu, baina gure bezeroen beharretara egokitzen joan gara. Gaur egun, arbel operatibo asko eskatzen dizkigute, eta horietan espezializatu gara. Lanerako baliagarriak dira, edozein eratako informazioa jarri baitaiteke.
Kordobakoa izanda, nolatan lanean Arrasaten?
Nire haurtzaroa Eskoriatzan pasa nuen. 11 urterekin Kordobara itzuli nintzen. Enpresagintza ikasi nuen, eta asko gustatzen zitzaidan kooperatiba mundua, eta horretan espezializatu nintzen. Debagoienera bisita asko egin nituen. Han lanik ezin nuenez aurkitu, hona etorri nintzen lanera, eta autobus gidari lanetan aritu nintzen lau urtez. Hala ere, beti nahi izan dut kooperatiba baten parte izan, eta lan hura utzita murgildu nintzen mundu honetan.
Nolatan errotulazio kooperatiba?
Eskulanetan abila naiz. Aurretik komunikazio-publizitate kooperatiba bat genuen bost bazkidek, baina ez genuen ezer fabrikatzen; esaterako, errotuluak egiteko azpikontratazioak egiten genituen. Nik fabrikatu egin nahi nuen. Beste kideen asmoak ikusita, banandu egin ginen. Hortik sortu zen Rotudenak S. Coop. Probatzera etorri nintzen eta ondo atera zait.
Oporretan ere begiratzen diezu errotuluei?
Begiak itxita joan beharko nuke. Lanean ez nagoela gogorarazten dit emazteak.
Zer errotulatuko zenuke gustura?
Kursaala. Orain, pantailak daude, baina lehen, ez zeudenean, Zinemaldian nola errotulatzen zuten jakin nahiko nuke. Egun batetik bestera egiten baitzuten, inork ikusi gabe. Ez dakit kanpotik edo barrutik egiten zuten.
Lanaren alderik onena?
Sormena, duda barik. Beti esaten dut ikasteko ogibide zaila dela gurea, oso gutxitan errepikatzen baita lana.
Avilatik Arrasatera zuzenean
"Lehendakariak gure bi plaka inauguratu ditu. Hori pozgarria da, baina halako ekitaldietarako gortina eskatzen dizute eta, gainera, horma zulatu gabe jarri behar duzu. Lehenengo aldiz eskatu zigutenean, ez genuen halakorik, baina nik ezetz ez diot ia inori esaten. Nire amaginarreba Avilan bizi da, eta, jostuna zenez, hark egin zuen. Hagaxka bat jarri genion eta pareta ez zulatzeko sistema asmatu genuen. Oraindik gordeta daukagu".