Erreka Egunaren hamargarren aldia ospatuko da urriaren 15ean; oraingo honetan, ibaiaren garbiketa bateratua egingo dute Debagoieneko herri guztietan.
Auzolana bultzatzea du helburu egitasmoak, baina baita herritarrak ibaira begira jartzea ere. Bergarako Erreka Garbiketa Batzordeko kide Arianne Kareagak hauxe dio: "Errekari bizkarra emanda bizi izan gara aurreko hamarkada guztietan, zikinkeria eta kutsadura dela eta".
Aspaldiko nahia
2013an hasi ziren Bergaran egun hau antolatzen, nahiz eta beste herri batzuetan ere egin izan duten erreka garbiketa, baina ez egun berean. Kareagak azaldu duenez, "2013an, 2014an eta 2015ean egin ziren halako egun bateratua antolatzeko saiakerak. Beti pentsatu izan dugu Gatzagan jaiotzen den Deba ibaia egun berean garbitu beharko litzatekeela herri guztietan".
Azkenean, hamargarren edizioa aitzakiatzat hartuta, lortu dute bailarako herriak elkartzea. Kareagak adierazi du herri bakoitzeko erreka zatiaren izaeraren arabera garbituko dutela, kontuan izan behar baita errekara jaistea irisgarria den ala ez. Halaber, hainbat eragile elkartu dira eta herri guztietako udalen laguntza izan dute.
Izen-ematea
Egitarau propioa izango dute udalerriek, eta, ondorioz, izena eman beharko da. Adin guztietako herritarrak daude gonbidatuta parte hartzera. Datorren astean zabalduko da egitasmoan izena emateko epea.
Goienak Erreka Egunaren jarraipen zabala egin, eta eduki bereziak sortuko ditu.