Debagoieneko eragile eta erakundeen agendan dago energia aurreztea

Uxue Igarza Loiola 2022ko ira. 16a, 09:44

Eguzki plakak, Oñatiko Zubikoa kiroldegiaren teilatuan.

Gasaren eskasiak eraginda, erakundeek zenbait plan argitaratu dituzte azken asteetan energia aurrezteko. Herritarrek, ikastetxeek, enpresek eta zenbait udalek, ordea, klima larrialdia gelditzeko asmoz, aspaldi hartu zituzten neurri bertsuak.

Ikasturte berria hasi da Debagoieneko eragileentzat, erakundeentzat eta enpresentzat ere, eta haien agendetan dago energia aurrezteko estrategiak garatzea. Udalak, ikastetxeak eta merkatariak, adibidez, ari dira dagoeneko lanketa egiten.

Eusko Jaurlaritzak Kontingentzia Energetikorako Planaren zirriborroa aurkeztu zuen abuztuaren 12an. Bertan, erakundeei, enpresei eta herritarrei zuzendutako dirulaguntzak eta energia aurrezteko proposamenak jaso zituen, eta, hilaren 1ean, Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusi Iñigo Ansolarekin batera, planaren bigarren bertsioa aurkeztu zuen. Hiru eremuri eragiten dio planak: industriari –autokontsumorako eta energia berriztagarriak erabiltzeko gomendioa egiten zaie enpresei–, administrazioari –paper gutxiago erabiltzea da gomendioetako bat– eta herritarrei –kontsumo ohiturak aldatzea, etxetresna elektriko zaharrak ordezkatzea edota etxean isolamendu egokia jartzea dira jasotakoak, besteak beste–. Bestetik, mugikortasun jasangarrirako trantsizioan jartzen du azpimarra, eta horretarako laguntzak abiatzen ari da Jaurlaritza.

Bitartean, abuztuaren 28an, Madrilgo Kongresuak energia aurrezteko dekretua onartu zuen osoko bilkuran. Planaren arabera, berogailua eta aire girotua gehienez 19 eta 27 gradutan jarri behar da, erakunde publikoen egoitzetan, saltokietan, geltokietan eta kultur eremuetan. Arau hori ez dute bete beharko ospitaleek, ikastetxeek, gimnasioek, ile-apaindegiek eta jatetxeetako sukaldeek. Bestetik, erakusleihoetako eta hutsik dauden eraikin publikoetako argiak 22:00etan itzali behar dira.

Udalak, dekretuaren eraginpean

Arrasateko Udalak adierazi du dekretuak ezarritakoa betetzen ari dela. Bergaran energia mahaia sortuta dago, eta datorren astean bilduko da, besteak beste, dekretua aztertzeko. Horrez gain, Bergara 2030 Bizi Energia Klima eta Energiari buruzko Tokiko Plana dute. Aretxabaletako alkate Unai Elkorok, berriz, "gaia aztertzen" ari direla aurreratu du.

Oñatin hasiak dira eraldaketan, azken bi planak iritsi aurretik: "Urteak dira energia efizientziaren aldeko urratsak egiten gabiltzala, kostuak aurreztetik harago, iraunkortasun ikuspegitik: LED argiak jartzea, eraikin berrietan energiarekiko dependentzia gutxitzea, energia efizientziarako eraberritzeak egitea... Dekretuek badute eragina –eraikin publikoei eragiten dielako–, baina hasiak ginen lehenago".

Eta Antzuolan ere bada denbora bat energiaren gaia aztertzen ari direla. Beñardo Kortabarria alkatearen esanetan, kaleko argiteria ikertzen ari dira "merkeago eta energia gutxiago erabiliz" argiztatzeko. Bestetik, energia sortzeko "bide berriak" ere bilatu nahi dituzte; uraren sistemarekin, hain zuzen ere. Horrez gain, D2030 sarearekin batera, energia trantsizioan eragiteko hainbat proiektutan parte hartuko du Antzuolak: esaterako, Birgaitzen egitasmoan.

Ikastetxeetan, plan egokituak

Arizmendi ikastolako Naiara Okina komunikazio arduradunak azaldu du dekretu eta planen berri izan aurretik ere ari zirela lanean energia aurrezteko. 2017an efizientzia energetikoaren azterketa egin zuten, eta, ordutik, hainbat egitasmo abiatu dituzte: "Argiteria LEDera pasatzen ari gara –eta baita argi inteligenteak jartzen ere–, obra berrietan kontuan hartzen da eraikinaren isolamendua eta Ekon enpresarekin proiektu bat abiatzen ari gara". Bestetik, gogora ekarri du Arrasteko Ferixalekuan "aspalditik" daudela eguzki plakak jarrita.

Elgetako Herri Eskolako Libe Iñurrigarro irakasleak ere hurrengo pausoen berri eman du: "Klik proiektuarekin hasiko gara orain. Udalak proposatu digu eta Ekon enpresarekin egingo dugu. Datorren astean egingo dugu bilera eragile guztion artean, eta, jakina, ikasleek ere parte hartuko dute".

Merkatariak ere sarean

Jon Apraiz Arrasateko dendariak herriko merkatarien egoera azaldu du: "Espainiako dekretuak ez digu askorik eragiten; izan ere, alde zaharreko lokaletan ez dago aire girotua jarri beharrik, eta, hotzari dagokionez, pandemian ohitu ginen atea zabalik eta berogailu gabe egotera". Bestetik, erakusleihoei lotuta, adierazi du Arrasaten 22:00etarako itzalita egoten direla argiak, eta, hortaz, ez dutela aldaketarik egin, alde horretatik.

Bukatzeko, Apraizek gaineratu du Arrasateko merkatariak harremanetan daudela eskualdean egiten diren proiektuekin. "Ekiola kooperatiban parte hartzeko interesa dago. Bilerak egin ditugu eta askok eman dugu izena. Planak eta gomendioak iritsi aurretik ere, beti egon da kontzientzia ekologista hori, eta, orain, proiektu berriak ezagutzen ari gara", azaldu du.

Kontzientzia enpresetan ere

Debagoieneko enpresetan eta kooperatibetan ere lanketa egiten ari dira energia trantsizioaren bueltan. Ulma, Soraluze, Goiener, Ekitermik, H-enea eta beste hainbat ari dira lanean eredu energetikoa eraldatzeko.

Aritz Otxandiano Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak azpimarratu du kooperatibetan urteak daramatzala energia aurrezteko neurriak hartzen, eta, oraintsu, 100 kW-ko instalazio fotovoltaiko bat egin duela Fagor Automationek Eskoriatzan duen lantegiko teilatuan. "Erakundeek hartu dituzten neurriek ez daukate gurean eragin berezirik; bai, ordea, efizientzia energetikoa bultzatzeko aurretik indarrean zeuden legediek", adierazi du Otxandianok.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak