Gaur egun, Debagoienean jende gehiago hiltzen da jaio baino, eta horrek eragin handia du demografian. Eustat Estatistika Erakundeak aste honetan argitaratu ditu iazko jaiotzen zenbatekoak, eta bai Euskal Autonomia Erkidegoak eta bai eskualdeak azken hamarkadako joerari eutsi diote.
Jaiotza-tasa murriztearen atzean askotariko arrazoiak daudela azaldu du Mikel Lezamiz soziologoak. Alde batetik, egoera ekonomikoan jarri du arreta: "Krisiak ziurgabetasuna dakar, eta familiek ondo pentsatzen dute haurrak izan edo ez. Lan arloko segurtasun faltak ere eragiten du". Bestetik, gerrek ere erabakia baldintzatzen dutela dio soziologoak.
Horrez gain, gizartea "aldatu" egin dela azpimarratu du Leizeagak: "Aisialdian jartzen da arreta; jendeak ez du ardurarik hartu nahi (...) Gizartean hedonismoa eta indibidualismoa gailentzen dira". Eta garai berriekin eta pentsaera berriekin batera "emakumeen papera" aldatu egin dela gaineratu du adituak. "Lehen ez bezala, orain emakume askok egiten dute lan etxetik kanpo eta horrek egoera aldatzen du". Horrkin batera, lan esparruko kristalezko sabaia ere nabarmendu du: "Zenbait arduradunek atzera botatzen dituzte haurdun gera daitezkeen emakumeak".
Debagoieneko jaiotza-tasaren bilakaera
Pandemiaren eragina tasan
Azken bi urteetako datuak aztertuta, pandemiak ere eragina izan du jaiotza-tasaren beherakadan. Debagoienean azken 50 urteetako daturik apalena erregistratu zen 2020an: 404 jaiotza. Eta iazkoa ere antzeko zenbatekoa da: 410 haur jaio ziren. EAEn ere, pandemia hasi zen urtean, jaiotza-tasak %4,5 egin zuen behera.
Beherakadaren ondorioak
Demografia jaitsierak "aldaketa sakonak" ekarriko dituela adierazi du soziologoak. "Lan munduan jende gutxiago badago, gutxiagok ordainduko dute gizarte segurantza, eta, ondorioz, pentsioak okerragoak izan daitezke. Bestetik, herrialde baten ikuspegitik, zenbat eta herritar gutxiago, orduan eta ahulagoa izango da estatua", azaldu du.