Urrats berriak Elorregiko geralekua konpontzeko

Eneko Azkarate Laspiur / Uxue Igarza Loiola 2022ko ira. 9a, 22:00
Elorregiko autobus geraleku berriak hartuko duen itxura, komun eta bizikletentzako gune eta guzti.

Elorregik batzen dituen hiru herrietako udalak hitzarmena lantzen ari dira, komuna jarri eta autobus geltokia eta bizikleta aparkalekua berritzeko. Herritarrek urte luzez egindako eskaerak dira horiek, protestak eta sinadura bilketak tarteko.

Elorregik laster izango du benetako komun publikoa. Urteetan hainbat erabiltzailek egindako eskaerari erantzun bateratua emango dio eskualdeak. Arrasate, Bergara eta Oñatiko udalek, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, oinarrizko zerbitzuz hornituko dute Elorregiko bus geralekua. Eta Debagoieneko Mankomunitateak bere gain hartuko du garbiketaren ardura. 

Autobus geltokia, bizikleta aparkalekua eta komuna egokitzeko lankidetza hitzarmena adosten ari dira Oñatiko, Arrasateko eta Bergarako udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundia. Azken erakunde honek hartuko du proiektu honen kostuaren erdia baino gehiago. Gainerakoa hiru udalek ordainduko dute, proportzio berean. 

Bizikletendako tokia ere bai

56 metro koadroko azalera izango du komunak eta autobus geltokiak. Gaur-gaurkoz, ez dago ur hornidurarik Elorregiko gune horretan, ezta saneamendurik ere. Hain justu ere, horixe izan da, hasieratik, arazoetako bat. Ur hornidura ez da proiektu honetan sartzen. Hori horrela, komuna kimikoa izango da –ur zisterna bat eta ur zikinendako beste ontzi bat izango ditu–. Gune horrek bizikletak lagatzeko lekua ere izango du, zazpi bizikletarendako lekua. 

Oñatiko Kontzejupetik udal aldizkariak iraileko azken zenbakian argitaratu duenez, Oñatiko Udalak Taper Arkitektura enpresa kontratatu du obraren zuzendaritza zerbitzua eroateko. 9.750 euro –gehi BEZa–. Enpresa horri enkargatu zion Oñatiko Udalak 2020an oinarrizko proiektua eta 2021ean exekuzio proiektu batean zehaztu zen. Aldizkariaren arabera, orain, "exekuzio proiektuaren aurrekontua egungo egoerara" egokituko du Taper enpresak. Horren ostean, obraren esleipena egingo da eta "hamabi asteko epean eraikiko dute gune berria", aurreikuspenen arabera. 

Garbiketa, Mankomunitateak

Obra osteko mantentze eta garbiketa lanak Debagoieneko Mankomunitatearen bitartez egingo dira, baita sortu daitezkeen gastuak ere. Autobus geralekua, batez ere, Oñatiko joan-etorria egiten dutenek erabiltzen dute, baina bistakoa da Elorregi bihurtu dela paseo-leku. Eta paseora joaten dira Bergaratik, Oñatitik eta Arrasatetik. Baita Debagoieneko beste herri batzuetatik ere. Bestetik, Sanprubusa ere bada bertan. 

Herritarrek 2017an egin zuten komuna jartzeko lehenengo eskaera eta 2020an sinadura bilketa egin zuten: 1.600 sinadura batu zituzten hamabost egunean, eta Oñatiko eta Arrasateko udaletara bidali zituzten. 2020tik aurrera, batik bat, Oñatiko –haren lurretan dago bus geralekuaren zatirik handiena eta hark eman zion Sanprubusari zerbitzua jartzeko baimena– eta Arrasateko udalek –Elorregin komuna jartzeko, aurrekontu parte hartzaileetan, diru partida bat gorde zuen– agertu dute, publikoki, gunea hobetzeko ardura. 

Zaborra ere arazo-iturri 

Geltokiaren inguruan pilatutako zaborrak herritarren haserrea piztu zuen uztailean. Sanprubuseko arduradun Jon Mujikak eman zuen egoeraren berri: "Duela bi hilabeteko zaborra ere bertan dago oraindik; ez du inork jasotzen". Mujikak azaldu zuen ez zela "kontu berria", eta edukiontziak jartzeko eskaerak eginda daudela Debagoieneko Mankomunitatean. Arazo honendako ere konponbidea gertuago dago erakundeen arteko hitzarmenarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak