Joan den udaberrian bailarara bisita egin zuen Nick Romeok, ekonomia gaietan aditua den eta The New Yorker hedabiderako lan egiten duen kazetariak. Eredu kapitalistatik aldentzen ziren enpresa ereduei buruzko liburua idazteko aitzakian, kapitulu bat Mondragon korporazioari dedikatzeko asmoa erakutsi zuen. Hilabete batzuk pasa dira, eta Debagoienean bizitako esperientziatik artikulu mamitsua kaleratu du newyorker.com atariko negozioen sailean.
Langileekin solidarioak diren enpresen elkarte bezala aurkezten du Romeok Mondragon: "Kooperatiba bakoitzeko exekutibo ordainduenaren soldata, gehienez ere, soldatarik txikieneko langilearena baino sei aldiz handiagoa da; enpresa konbentzionaletan ez da hori gertatzen". Garai gogorretan, pandemian, esaterako, "langileek euren soldatak edo orduak aldi baterako murriztearen alde" bozkatu zutela nabarmentzen du, eta gaixo sentitzen ziren langileek "ez zutela lanera joateko presiorik" jasaten. Egoera hori Espainia mailako beste kasu batzuekin alderatzen du, ikustarazteko ez dela ohikoa modu horretan jokatzea.
"Nazioartean ondo kokatuta"
Datu ugari aipatzen ditu Romeok; esaterako, enpresen sareak iaz 11.000 milioi eurotik gorako sarrerak eta General Electric zein Blue Origin enpresen kontratuak lortu zituela. Kooperatiben eredu hori mundu mailara heda daitekeen edo ez airean uzten du, baina argi dio Mondragon ekonomia globalean lehiatzeko gai dela: "Egunerokotasunean erabiltzen duzun gailu bat zure herrian bertan fabrikatu denean, zerbait ondo egiten ari zarela esan nahi du".