Amaia Balda: "Gizarte eraldaketarako bidelaguna da EMUN"

Hasier Larrea 2022ko ira. 12a, 09:15

Amaia Balda (Argazkia: EMUN).

25 urte bete ditu gai sozialak kudeatzen laguntzen duen aholkularitza enpresak; eraldaketari buruz jarduteko topaketa egingo du, Arrasaten, urriaren 6an.

Eskoriatzako Irakasle Eskolak, egungo HUHEZIk, egindako apustutik sortu zen EMUN kooperatiba, bailarako enpresak euskara sustatzeko egiten ari ziren saiakerak profesionalizatu eta euskara planak metodologia baten bitartez garatzeko misioarekin. Hasieratik dihardu Amaia Baldak egiteko horretan. Gaur egun kooperatibako koordinazio taldeko kidea da. Arrasateko Erguin auzoan duten egoitzaren alboan, Iturripe kiroldegian, egingo dute Eraldaketan jardunaldia zertan datzan azaldu du.

Zer egingo duzue urriaren 6an?

Alde batetik, zalantzari leiho bat irekiko diogu, barne bidaia bat proposatu eta eraldaketari toki bat egiteko. Aurrez bi online-saio egin genituen, aniztasuna enpresan eta elkarlanaren gobernantza nola aurrera eraman hausnartzeko. Horiek emandakoaren analisiak egingo dituzte Nico Cuencak eta Naiara Goiak, eta, segidan, esperientziatik hitz egingo dute lau gonbidatuk: Amaia Asuak, Julen Mendozak, Santi Ormazabalek eta Arantza Santistebanek. Euskaraz bizitzea, administrazioetan sor daitezkeen zalantzak, enpresa barruko antolaketa eraldaketak eta norbanakotik kolektiborako irakurketak ardatz hartuta. Gure bezeroek eta bertan parte hartzeko interesa duten entitateek izena eman dezakete eraldaketan.eus atarian. Hortxe dago topaketari buruzko informazio osatua.

Ostean, 13:30ean, ekitaldia egongo da. Zertarako?

25 urte hauetan gurekin batera eraldaketa sozialean bidelagun izan direnak omentzeko, lan mundua euskalduntzen egunero saiatzen diren langile, koordinatzaile zein lehendakariei aitortza egiteko. Bailarako jende asko etortzea espero dugu, jakitun garelako bailarari zor gatzaizkiola, Euskalanen biltzen ziren euskaltzaileei eta Eskoriatzako Irakasle Eskolari. Horregatik erabaki dugu topaketa Debagoienean egitea, eta ez Donostian, esaterako.

Nortzuk dira EMUNen bezeroak? Zertan laguntzen diezue?

EMUNen ekosistemaren barruan, bezeroen %75 enpresak dira, eta gainontzekoak administrazioak; enpresen barruan, gehienak Mondragoneko kooperatibak: Ulma, Danobat, Fagor... Halaber, kirol elkarteekin -Reala, Athletic, Eibar...- , federazioekin eta gizarte sektorean dabiltzan elkarteekin dihardugu. Horiekin euskara planak ari gara lantzen. Bestalde, gero eta kooperatiba eta sozietate anonimo gehiagotan dihardugu berdintasun planak lantzen, izan ere, 50 lagun baino gehiago dauzkaten enpresak derrigortuta daude genero plan bat diseinatuta edukitzera. Eta gure balio erantsia plan horiek inplementatzean dago. Udal administrazioak ere badira gure bezero, gobernantza-ereduak, aurrekontu parte-hartzaileak eta halako egitasmoak garatzeko.

Bada eskaintzen dituzuen zerbitzu guztiak lotzen dituen punturik?

Momentu honetan erronka den iraunkortasunari ekarpen bat egiten diote. Iraunkortasunari begira, erakundeek euren inpaktu negatiboa gutxitu eta kudeatzeko ardura dute. Arlo sozialean aholkularitza eskaintzeaz gain, memoria ez finantzieroak egiten laguntzen diegu enpresei.

EMUN bera ere eraldaketa prozesu batean murgilduta dago, antolaketari dagokionez.

Taldeetan erabakiak hartzea indartu nahi dugu. Orain arte sarri eduki baitugu proiektu ikuspegia, baina aurrerantzean nahi duguna da bezero ikuspegira pasa, bezeroa erdigunean jarrita eta emunkideak ahaldunduta. Hala, EMUNeko aholkulari bakoitzak bere bezeroaren kezka eta beharrei buruz informazioa partekatuko du diziplina anitzeko taldean, euskarazko, berdintasuneko, aniztasuneko, gobernantzako... aholkulariek ikuspegi osoarekin erantzun diezaieten bezeroaren beharrei.

Bezeroak modu orokorrean ikusi nahi dituzuela, alegia.

Hori da, beraien beharrei begira lan egiterakoan, kasu askotan proiektu ikuspegiarekin eta zerbitzuka antolatuta egin dugulako. Horixe eraldatzen gabiltza. Ez baita berdina aldatzea eta eraldatzea. Nice Lazpita Norgara elkarteko aholkularia izan dugu bidelagun azken bi urteotan, eta harekin ikasi dugu aldaketak une oro gertatzen direla eta ekidinezinak direla, baina eraldaketak erabaki kontzienteak direla, norberak aukeratutakoak. Zuk aukeratzen duzu aldaketa baten aurrean bertatik ikastea eta zer ekarriko dizun. Ezagutzen ez duzun zerbaitera joateko prestatzen zaitu eraldaketak. Erakundeen eraldaketaren inguruan, erakunde baten kulturari buruz ari gara. Ikasi dugu eraldaketak sakona izan behar duela, eta inguruan ere eragin bat eduki behar duela. Ez da aldaketa soil bat, beraz.

Fagor Taldeari Antton Abadia saria eman zion joan den martxoan Gipuzkoako Foru Aldundiak Kulturolan. EMUNek ere, hein batean, bere egin du sari hori.

Fagorrek eta beste kooperatiba askok lan munduan euskara sustatzearen aldeko apustua egin zuten EMUN sortu aurretik ere, euskara eskolak, aldizkariak eta euskara batzordeak sortuta, besteak beste. Beraz, Debagoienean bazegoen mugimendu bat. EMUNek mugimendu hori profesionalizatu egin zuen eta metodologia batekin garatu zituen euskara planak enpresetan. Fagorri eman zaion saria jende askoren lanaren fruitua da. Meritu handia baitauka, batetik, 25 urtean euskara sustatzen jarraitzea. Bestetik, lorpenei begira ere gaur egun kooperatibetan hartu diren neurri asko txalotzekoak dira. Antton Abadia sariak aspektu horiek errekonozitu ditu. Izan ere, enpresetan gaur egun onartutako eta barneratutako irizpideak daude, eta egia da beti daudela hobetzeko gauzak, baina ahalegin handia egin da euskara maila guztietan sustatzeko. Gipuzkoako Aldundiak horri egin zion keinu, nire ustez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak