Norberak uztailean eta abuztuan zehar egunerokotasunean igarri duena ondo baino hobeto azaltzen dute Euskal Meteorologia Agentziak argitaratutako datuek. Debagoieneko lau estazioetan oso antzeko tenperatura eta prezipitazio mailak hauteman dira bi hilabeteotan.
Zenbaki esanguratsuenei erreparatuta, bero handiena uztailaren 18an egin zuen: Urkulun 41,2 graduko maximoak atzeman ziren, Oñatin 40,9koak, Elorregin 42,4koak eta Arrasaten 42,9koak. Datuen jakitun garenetik ez da halakorik pasa bailaran. Abuztuan maximoak jaitsi egin ziren, eta hilaren 11 eta 12 artean jaso ziren puntu altuenak: Oñatin 37,5 gradu, Urkulun 38,6, Elorregin 38,9 eta Arrasaten 39,1.
Prezipitazioei dagokienez, atentzioa ematen du Elorregiko estazioak ia ez zuela tanta bakar bat ere jaso uztailaren 6tik abuztuaren 18ra; hau da, 43 egunez jarraian. Alboko herrietan ere, antzera: Arrasaten metro kubikoko litro batetik beherako euri-egunak 26 izan ziren, guztira, abuztuan, eta 29 uztailean; Aretxabaletan, 22 abuztuan eta 26 uztailean; eta Oñatin, 25 abuztuan eta 30 uztailean. Euria egin duen apurretan ere, oso gutxi: uztailaren 6an Elorregin botatako metro kubikoko 21,6 litroak salbuetsita, gainontzeko herrietan gehienez ere 10 litro bota ditu egun bakar batean.
Beroan dago aldea
Iazko uztailean eta abuztuan ere antzeko lehortea gertatu zen, euria noizbehinka eta oso gutxi egin baitzuen. Beroan bai, igartzen da diferentzia, iazko maximoak 35 gradutik behera kokatzen baitira; 8 graduko diferentzia uda batetik bestera.
Urkuluren edukiera
65.500 lagun hornitzen dituen Urkuluko urtegiak, berez, 10.000 milioi metro kubikoko kapazitatea dauka. Gaur-gaurkoz, %75,62an dago beteta. Iaz, egun berean, %72,62an zegoen, eta 2020an, %77,02an. Joan den apirilean gainezka egin zuen Urkuluk, euri asko egin baitzuen orduan. Lau hilabetean, horrenbestez, %25 jaitsi da Urkuluren betetze-maila.