Eskola publikoetan gaur –Eskoriatzako Luis Ezeiza da salbuespena; Leintz Gatzagako ikasleak dituztenez, astelehenean hasiko dira, jaiengatik–, eguena, eta gainerakoen artean gehienetan atzo itzuli ziren ikasleak ikastetxeetara –Bergarako Mariaren Lagundian hilaren 5ean, astelehenarekin–. Ikasturte berriari ekiteko garaia. Askorentzat ez zen, opor luzeetan irakasleak eta hainbat ikaskide ikusi gabe egon ostean, lehen eguneko urduritasunik faltako; irrika ere izango zen, hainbat eta hainbat kasutan, itzulerarako. Aurten ez dagoena COVIDarekin lotutako neurri berezirik da –eskola garraioan izan ezik, hor maskara erabiltzen jarraitu beharko baita–: "Oso albiste ona". Oñatiko Txantxiku ikastolako zuzendari Itziar Aranaren pozarekin bat egingo du, ziur, hezkuntza komunitate osoak.
Askotariko lanak
Bigarren Hezkuntzako eraikina goitik behera eraberrituta ekin diote Txantxiku ikastolan ikasturte berriari. Oñatin bertan, Behebarrua izeneko espazio berria sortu du Elkar Hezik, askotariko aukerak emango dituena, eta jantokia berritzen dihardute Urgainen –erabilgarri dago, nahiz eta urte amaieran hasiko diren bazkaria bertan prestatzen–. Eskola aurreko aparkalekua kendu eta patinentzako eta bizikletentzako –estalia– egokitu ere egin dute.
Eskoriatzan, eskola aldameneko kantxa berritua dute ikasturte berrirako Luis Ezeizan, eta Bergarako Mariaren Lagundian laster hasiko dira, ikastetxe ondoan, urmael bat egiten, "Eskola Jasangarri ziurtagiria lortzeko bidean". Arizmendi ikastolako hainbat egoitzatan ere egin dituzte lanak udan; teilatua berritu dute, esaterako, Arrasateko Gaztelupen.
Nobedade gehiago ere baditu Leintzeko ikastolak, zuzendaritzatik hasita: bi zuzendari nagusirekin –berriak biak– ekin diote kurtsoari, Illart Azkarate eta Mireia Muruamendiarazekin. Eskaintzari dagokionez, urte batzuetako hutsunearen ostean, berriro dago Batxilergo Artistikoaren aukera Almenen.
EGOERA ZAURGARRIA DUTEN 195 IKASLERI EMAN DIE ESKOLA MATERIALA GURUTZE GORRIAK BAILARAN
Eskaintzarekin jarraituz, Lanbide Heziketan ere badira nobedadeak: Bergarako Miguel Altunan Adimen Artifiziala eta Big Data landuko dituen espezializazio kurtso berria dute aurtendik, Gipuzkoako bakarra, eta Oñati institutuan –Larrañan–, berriz, Administrazio Zerbitzuetako Oinarrizko Profesionala ziklo berria –erkidegoan, eskaintzen duen lehen ikastetxe publikoa da Oñatikoa; eguaztenean egin zuten aurkezpena–.
DBHn, pandemiagatik ordutegi jarraitua ezarri zuten ikastetxeetan aurreko ikasturtean hasi ziren normaltasunera itzultzen, eta aurten ikasturte hasieratik ariko dira ohiko eran, zenbait egunez goiz eta arratsaldez eta beste zenbaitez jarraian –Bergarako Aranzadiren eta Mariaren Lagundiaren, Txantxikuren eta Elkar Heziren kasua da; Arizmendik pandemian ere eutsi zion jardun zatituari–.
Sare publikoko ikastetxeei dagokienez, zenbait egunez arratsaldez ere eskolak izango dituzte DBHn Bergarako Ipintzan, Jaurlaritzaren Hedatze proiektutik kanpo geratu eta gero; gainerakoetan, Arrasaten, Oñatin eta Aretxabaletako Kurtzebarrin, goizez izango dira eskolak, eta errefortzu saioak eta tailerrak arratsaldeetan.
Mondragon Unibertsitateari dagokionez, ikasketa batzuetan eskolak hasita eta beste batzuetan hastear, hurrengo egubakoitzean egingo dute ikasturte hasierako ekitaldia, Bilbon. MUk hemezortzi titulu berri eskainiko ditu aurten –gradu, master, aditu-ikastaro, espezializazio-ikastaro, programa exekutibo eta aipamen eta ibilbide artean–, "enpresa-premia berriei erantzuten dieten esparruetan".
Gurutze Gorriaren ekimena
Debagoieneko Gurutze Gorriak, bestalde, eskola materiala helarazi die zaurgarritasun egoeran dauden eskualdeko 195 ikasleri –udaletako gizarte zerbitzuekin elkarlanean–. 2018a ezkero, mila ikaslek baino gehiagok jaso dute eskola materiala.