Ikastetxeetako igarobideak kudeatzeko ekitaldia egin da Eskoriatzan

Zuriñe Urruela Santidrian 2022ko ira. 5a, 17:56

Mondragon Unibertsitateak eta Debagoieneko herri eskolen elkarteak, Goieskolak, ekitaldia egin dute Eskoriatzako campusean. 

Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak, Oñatiko eta Bergarako eskola publikoekin batera, Igarobideak parte-hartze kultura eta garapen komunitarioaren norabidean jardunaldia egin dute, gaur, Eskoriatzako campusean.

Igarobideak trantsizio edo aldaketa egoerak sortzen dituzten prozesuak dira. Horiek eragin handia dutela umeen bizitzetan adierazi dute, eta, eskoletan behar besteko arretarik ematen ez zaielako, Mondragon Unibertsitateko Zehar eta Hazitegi ikerketa taldeak eta Oñatiko eta Bergarako eskola publikoek duela bi urte Guztion ahotsa egitasmoa abian jarri zuten. Gaur, prozesu komunikatiboaren lehengo emaitzak aurkeztu dituzte. 

Guztion ahotsa proiektuan Bergarako San Martin Eskolak eta Ipintza Institutuak eta Oñatiko Urgain ikastetxeak –Errekalde herri eskolak eta Zuazola Institutuak– parte hartu dute. Lehenengo ikasturtean, eskolak osatzen dituzten ahots desberdinak kontuan hartuta, igarobide momentuak nola bizi ohi diren landu eta plan bat diseinatu zuten prozesu horiek hobetzeko. Bigarren ikasturtean, ekintza planak abian jarri eta ebaluatu egin dituzte, hobekuntzak proposatuz eta beharrezko aldaketak eginez.

Bergarako eskolak, batez ere, etapa eta zikloen arteko trantsizioak landu ditu. San Martin Eskolako zuzendariak, Joxerra Lasak, aipatu du zalantzak sortzen direla, batez ere, Lehen Hezkuntzako seigarren ikasturtearen eta DBHren artean. Duda horiei irtenbidea aurkitzeko ekintza batzuk egin dituzte; esaterako, eraikina bisitatu eta hurrengo etapako ikasleekin hitz egin. 

Oñatiko Urgain eskolako Maider Rivera ordezkariak aipatu du Guztion ahotsa proiektuak trantsizio prozesuak sistematizatzeko eta etorkizunean beste ikasturte batzuetan horiek errepikatzeko aukera eman diela. Horretaz gain, hainbat erroka identifikatu dituzte, hala nola ikasle taldeak nahasteko eta familiekin komunikazio kanal berriak sortzeko beharra.   

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak