Fagor Taldetik azaldu dutenez, orain artean, aldian aldiko hitzarmenen bidez banatzen zen laguntza eta Fagor Taldeko Gizarte Eraldaketa Batzordeak zeukan proiektuak aukeratzeko ardura. Fagor Herrigintza ekinbidearekin sistema berrantolatu dute eta proiektu irabazleak Fagor Taldeko kooperatibetako kideek aukeratuko dituzte boto bidez. Hala, aurkeztutako proiektuen artean puntuazio altuena lortzen duten hamar egitasmoetatik hiru aukeratuko dituzte kooperatibetako kideek. Abenduan egingo da bozka prozesua, eta ostean jakinaraziko da onuradunen zerrenda.
Hiru laguntzak honela banatuko dira: 1. proiektuarentzako 60.000 euro, bigarrenarentzako 40.000 euro eta hirugarrenarentzako 20.000 euro. Halaber, deialdia urtero egingo dutela ere aurreratu dute.
"Fagor Taldeak balioan jarri gura du herrigintzan diharduten eragileen jarduna. Beti izan du lotura estua komunitatearekin, eta aurrera urratsak egiten segitzen du bide horretan. Banaketa sistema berriarekin, eragile gehiagok izango dute euren proiektuak aurkezteko aukera", azaldu du Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak. Urtero lez, urteko irabazien %12 bideratuko du kooperatiba taldeak gizarte funtsera eta horren zati bat joango da Fagor Herrigintza lankidetza programara. 2021ean, Bizipozak (30.000 euro), Errigorak (25.000 euro) eta Gureak elkartearen Pauso Berriak proiektuak (12.000 euro) jaso zuten lankidetza programari loturiko laguntza.