Etxezarreta eta Elorregi arteko presa bat ere eraitsi dute

Hasier Larrea 2022ko abu. 20a, 13:13

Bergarako Matxiategi presa izan zen Merlin proiektuaren baitan Gipuzkoako Foru Aldundiak bota zuen Debagoieneko lehen presa. Bigarren hau ere helburu berarekin bota dute: ur gezetako ekosistemak berreskuratzeko.

Arrasate eta Elorregi arteko bidegorriko Errekabaltz tunelaren aldamenean zegoen San Prudentzio ZH izeneko presa, hiru metro inguruko luzeraduna. Bi alboetako eustormak mantendu egin dituzte, ertzak ez desegonkortzeko. Foru Aldundiko Obra Hidraulikoetako Zuzendaritza Nagusiak agindu zuen presa horren eraisketa, Europar Batasuneko Merlin proiektuaren baitan; bertan 44 erakundek hartzen dute parte, eta helburuetako bat  arrain espezieen migrazio mugimenduetarako oztopoak kentzea da.

Bergarako Udalak Elorregiko beste bi presa –txiki bat eta handiago bat– eta Labegaraietako presa bat botatzeko asmoa erakutsi du. Datozen hilabeteetan egin nahi ditu interbentzioak, baina Elorregiko presa handia eta Labegaraietakoa ondare babestuak direnez, eraitsi baino lehen deskatalogatu egin beharko lirateke. Hortaz, Bergarako Ingurumen Saila Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen zuzendaritzarekin ari da lanean, proiektuok nola egin adosteko.

Presa gehiago eraisten

Merlin proiektutik kanpo ere ari dira presak eraisten Debagoienean; Ur Agentzia abuztuan zehar aritu da Deskarga ibaian hainbat presa txiki kentzen, ibaiaren konektagarritasuna hobetzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak