Espainiako Enplegu Zerbitzuak emandako datuen arabera, maiatzean eta ekainean izandako beheranzko joera hautsi da urteko zazpigarren hilabetean. 2.343 debagoiendar zeuden langabezian uztailaren 31an; hilabete hasieran baino 45 gehiago, hain zuzen. 2021etik izandako bilakaerari erreparatuz gero, baina, aintzat hartu beharrekoa da azken hemeretzi hilabeteetako laugarren daturik baikorrena izan dela uztailekoa –2022ko otsailean, maiatzean eta ekainean soilik izan dira langabe gutxiago–. Langabezia-tasari dagokionez, %0,15 egin du gora balioak, %7,63an kokatuz.
Herriz herriko bilakaerari erreparatuz gero, zortzi udalerritan gora egin dute langabeek, eta Arraste izan da, kasu honetan, salbuespen bakarra; apiriletik jaisten doa balioa bailarako herri handienean. Oñatin eman da igoerarik adierazgarriena (+16), eta aipatzekoak dira, halaber, Eskoriatzan (+15), Bergaran (+10) eta Antzuolan (+6) izandako gorakadak ere.
Proportzioan, emakumeak gora
Espainiako Enplegu Zerbitzuak eguneratzen dituen datuek ertzei erreparatzeko aukera ere eskaintzen dute. Besteak beste, sektoreka eta generoka xehatzen dituzte langabeak. Ondoko grafikoan langabe dauden herritarrak generoen arabera bereizten dira 2005etik –urte amaierako datuak– 2022ko uztailera arte.
Grafikoan ikusi daitekeen bezala, geroz eta handiagoa da langabezian dauden gizonezkoen eta emakumezkoen arteko arrakala Debagoienean, eta bilakaera hori berretsi da abuztuko oporren atarian. Izan ere, apiriletik uztailera %4an hazi da genero arrakala. Hots, apirilean bailarako 2.419 langabeetatik %57 ziren emakumezkoak; uztailean, aldiz, 2.343tik %59.