Abisu horiak daude ezarrita eguazten eta eguenean, beroagatik eta baso sute arriskuagatik

Jon Irizar Aranguren 2022ko abu. 10a, 11:31

Euskal Meteorologia Agentziak egindako iragarpenen arabera, etzira arte, gutxienez, tenperatura altuak izango dira Debagoienean. Eguaztenetik eguenera, bost abisu hori ezarri ditu agentziak; bina muturreko tenperatura oso altuengatik eta tenperatura altu iraunkorragatik, eta bosgarrena baso sute arriskuagatik.

Euskalmeten iragarpenen arabera, datozen egunetan bero uholdea izango da Debagoienean. Aurreikuspenek ez dituzte uztaila erdialdera izandako balioak irudikatzen; hala ere, eguazten eta egubakoitzean termometroek 35 graduren langa gainditzea espero da. Hala, bost alerta egoera ezarri ditu agentziak.

Gaur, eguaztena, bi abisu hori daude ezarrita bailaran. Egun osoan izango diren tenperatura altu iraunkorrengatik da lehena; zehazki, 19 graduko minimoak aurreikusi ditu Euskal Meteorologia Agentziak, eta maximoak, berriz, 36 gradu ingurukoak izatea espero da. Bigarrenak, hain zuzen, balio altuenekin du zerikusia, 13:00etatik 20:00etara muturreko tenperatura oso altuak izatea aurreikusi baitute.

Eguenean, hiru

Gaurko ezarrita zeuden bi alertak bere horretan mantenduko dira bihar ere, bai ordutegiei dagokionez, eta baita espero diren tenperatura maximoei dagokionez ere. Halaber, baso sute arriskuen abisu horia ezarri du Euskalmetek, "landarediaren lehortasunagatik, tenperatura altuengatik eta haizearen indarragatik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak