Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak astean behin eguneratzen dituzte COVID-19aren bilakaera adierazten duten txosten epidemiologikoak; astelehenetan Iñigo Urkulluren gobernuak, eta eguaztenetan, aldiz, Maria Txibitek gidatutakoak. Hala, gaur jakin ahal izan da, zehazki, gaitzak erasanda uztailean zendutako hego euskal herritar kopurua.
476
Balioen eguneraketa bakoitzean egiten dituzten aurreko asteetako zuzenketak aintzat hartuta, 476 izan ziren uztailean koronabirusa zutela zendu ziren hego euskal herritarrak; datuak autonomia erkidegoka banatuta, 397 pertsona hil ziren Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, eta 79, aldiz, Nafarroan. Balioek, baina, behera egin dute nabarmen azken hamabostaldian. Ospitaleetako presioa horren adibide.
San Inazio egunean, 447 ospitaleratu zeuden Euskal Autonomia Erkidegoan. Abuztuaren 7an, berriz, 295 ziren osasun arreta behar zuten arabar, bizkaitar eta gipuzkoarrak; 152 pertsona gutxiago, hain zuzen. Nafarroako abuztuko lehen asteko datuak eguaztenean argitaratuko diren arren, uztailaren azken astean beheranzkoa zen joera; 164 ospitaleratu ziren uztailaren 25ean, eta 116, berriz, hileko azken egunean.
Minimoetan
Osakidetzak zenbatutako positibo berrien datuak soilik argitaratzen direla kontuan izanda, bigarren astez jarraian Debagoienean 2022an erregistratutako kutsatu berri kopuru baxuena izan da abuztuko lehen astekoa: 34 –45 izan ziren uztaileko azken astean–. Hala, intzidentzia-tasa ia erdira jaitsi da azken zazpi egunetan: 123,42.
- Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus-eko azken datuak atalean.