Abuztua hastearekin batera, eta astelehenero legez, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak egoera epidemiologikoaren txostena eguneratu du. Datuen irakurketa baikorra da: duela bi asteko joerari eutsiz, gaitzak erasanda osasun arreta behar duten herritar kopuruak nabarmen egin du behera azken astean. Halaber, zenbatutako positibo kopuruak zein intzidentzia-tasak ere beherantz doaz.
500etik behera
Uztail hasieratik 500 ospitaleratuko langatik gora ziren balioak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, eta 700 ingresaturen bueltara heldu ziren datuak hilabeteko bigarren astean. Azken hamabostaldian, baina, nabarmen egin du behera osasun arreta behar duten herritar kopuruak. Hala, joan zen eguenetik 500 baino gutxiago dira ospitaleratuak; zehazki, 447 ziren atzo. Antzeko joera atzeman liteke Zainketa Intentsiboen Unitateetan ere; 26 ohe zeuden okupatuta uztailaren 24an, eta 19, aldiz, San Inazio egunean.
2022ko baxuena
Osakidetzak erregistratutako positibo berri kopuruak ere behera doaz, eta joan zen astean 2022an astebeteko epean zenbatutako kasu kopuru baxuena izan zen Debagoienean: 45. Balioak perspektiban jarriz, uztailaren 18tik 24ra Arrasaten soilik 49 herritarrek jakinarazi zuten gaitza zutela. Bide horretan, intzidentzia-tasak ere jaitsiera nabarmena izan du; zazpi egunetan 478,07tik 243,72ra jaitsi da balioa.
- Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus-eko azken datuak atalean.