Debagoieneko ostatuak "uda ona" egingo dutelakoan daude

Uxue Igarza Loiola 2022ko uzt. 25a, 08:00

Debagoieneko 30 bat ostatutako jabeekin egon ostean, erreserbak pandemia aurreko garaietara itzuli direla diote gehienek. gainera, aurtengo udan –iaz ez bezala–, Europatik etorritako bidaiariak ere bueltatuko direla azaldu dute

Debagoieneko hotel, landetxe eta gainerako turismo-establezimenduek uda "ekonomikoki ona" izatea espero espero dute. Momentuz, behintzat, itxaropentsu daude; izan ere, uztaila ondo joan dela adierazi dute. Pandemiak sektorea gogor kolpatu arren, abuztuan ere 2019ko okupazio mailetara iritsiko direla diote ostatuetako jabeek.

Datorren hilabeteko lehenengo hamabostaldia ia beteta dago eskualdeko ostatuetan; batez ere, landetxe eta nekazaritza turismoetan. Apartamentuak ere arrakasta izaten ari dira bidaiarien artean, eta bailaran dauden hirurak beteta daude abuzturako. Halere, guztiek onartu dute erreserbak inoiz baino "motelago" egin direla; beste modu batera esanda, jendeak "azken momentura arte" itxaron duela ostatua hartzeko. "Uztailean ia beteta egon dira bi apartamentuak une oro, eta abuztua erabat beteta dugu", azaldu dute Arantzazuko bordako kideek. Eskoriatzako Areano apartamentuan ere hilabete ona izaten ari da: "Uztaila nahiko ondo ari da joaten, eta, abuztura begira, jendea mantsoago ari da erreserbak egiten. Nolanahi ere, bidaiari internazionalak itzuli dira eta berri ona da hori". Gorosarrikoek –eskoriatzarrak horiek ere– antzera jardun dute: "Beteta daukagu dena; Europatik datozen turistak ditugu, eta baita penintsulakoak ere".

Bi eratako bidaiariak

Debagoienean bi eratako turismoa dagoela azaldu dute establezimenduetako langileek: oporretara bailarara etortzen direnak –gehienak Katalunia, Madril edo Andaluziatik– eta, bestetik, geldialdia egiteko igarotzen direnak. Azken horiek Europatik datozen bidaiariak izan ohi direla zehaztu dute ostalariek –Frantzia, Alemania, Suitza, Belgika, Herbehereak–, eta, normalean, Portugalera –eta baita Andaluziara ere– joateko hartzen dutela atseden Debagoienean.

Arrasate hoteleko Esteban Sanchezek adierazi du desberdina izaten dela bi bidaiari moten egonaldia. "Penintsulatik eskualdera oporretan datozenak aste barruan etortzen dira, eta gehienek lauzpabost eguneko egonaldia egiten dute. Bestetik, geldialdia egitera bakarrik etortzen direnek gau bat –edo bi, asko jota– egiten dute". Uztaila "ona" izan dela adierazi du Sanchezek. "Okupazioa %85ekoa izan da, eta, une honetan, abuztuko lehenengo bi asteetarako %75ekoa dugu. Beste hainbat lekutan bezala, guk ere igarri dugu bezeroak azken momentuan ari direla erreserbak egiten. Faktore ekonomikoengatik izan daiteke, edo, besterik gabe, zain daudelako".

Oñatiko Ongi Etorri hotelean ere hilabete honetan %96ko okupazioa dute, eta baita Etxe Aundi hotelean ere: "Portzentaje altuekin gabiltza. Oraindik zulo txikiren batzuk baditugu abuztuan, baina oso aurreikuspen ona dugu".

Bailarako turismoa, indartsu

Maider Etxaide Debagoieneko Mankomunitateko Turismo teknikariak ere ostalariek esandakoa berretsi du: "Orain arte, motel samar joan da dena, baina orain ari gara denboraldiaren unerik indartsuenean sartzen, eta bisitari-kopurua handitzen ari dela sumatzen dugu".

Pandemiaren eraginen inguruan galdetuta, Etxaidek uste du "zaila" izango dela sektorea errekuperatzea: "Aste Santuaren ostean, eskualdeko turismo-eragileak elkartu egin ginen oporraldiaren emaitzen analisia egiteko. Orduan ondorioztatu genuen uda garaian pandemiaren aurreko zifrak erdiestea zaila izango zela. Nolanahi ere, ematen du bide zuzenetik ari garela marka lortzeko. Gainera, aurten atzerritar gehiago etortzen ari dira. Abuztuan gertatzen dena ikusi beharko da".

Bergara eta Oñati, izarrak

Mankomunitateko Turismo teknikariaren esanetan, paisaia, gastronomia eta ondarea dira eskualdearen indarguneak. Eta ondareari lotuta, Oñati eta Bergara azpimarratu ditu Etxaidek. "Guregana etortzen diren bisitariek natura bilatzen dute, batez ere. Horietariko askok ondarean ere interesa erakusten dute; batez ere, Arantzazuko Santutegia ezagutu nahi izaten dute. Eta, jakina, badaude beste batzuk beren-beregi ondarea ikustera etortzen direnak ere; Inaziotar Lurraldeko beste santutegien ibilbidea egiten dutenak, esaterako".

Bidaiariak taldeka ere etortzen dira, eta Etxaidek azaldu du Arantzazuko Santutegia bisitatu eta inguruko jatetxeetan bazkaltzea izaten dela taldeen ohiko plana. "Eskualdeko ostalaritzaren eskaintza bilatzen dute askok. Esan behar da denak oso gustura geratzen direla tabernen eta jatetxeen eskaintza gastronomikoarekin", gehitu du.

Debagoieneko Mankomunitateak gomendatzen dituen planei dagokienez –Santutegiko eremuaren bisita, Arrikrutzeko kobak eta Arantzazutik abiatzen diren mendi ibilbide zirkularrez gain–, Leintz Gatzaga, Urkulu eta Bergara bisitatzea daude, besteak beste. "Jendea denborarekin badator, hainbat txokotara joateko esaten diegu", kontatu du Etxaidek.

Bisiten %43, penintsulatik

Uztaileko lehenengo hamabostaldiko turisten joan-etorriak aztertu dituzte Oñatiko Turismo Bulegoko kideek. Ikerne Altube Udaleko Turismo teknikariak azaldu du aurten Oñati bisitatu duten pertsonen profila zein izan den: "Hileko lehen bi asteetan etorri direnen %43 Espainiatik etorri da; horietatik %11 Madrildik, esate baterako. Kataluniako eta Andaluziako bisitak ere nabarmendu ditu Ikerne Altubek; horiek baitira eskualdera gehien etortzen direnak.

Bestetik, Oñatik euskaldunen bisitak ere jaso dituela adierazi du teknikariak –turisten %23 inguru dira bertakoak–, eta gehienak bizkaitarrak direla. Bukatzeko, Europatik etorritako bisitariak ere ugaritu egin direla sumatu dute Turismo Bulegoan: "Frantziatik datozen bisitariak areagotu egin dira; besteak beste, erdigune historikoan frantsesez ere eskaintzen ditugulako bisita gidatuak. Turisten %8 da Frantziatik etorritakoak; %5 herbeheretarrak dira; %2 Belgikakoak; beste %2 Erresuma Batukoak; eta, bukatzeko, beste %2 Alemaniakoak.

Abiapuntuak askotarikoak izan arren, Oñatira etortzeko interesa "handia" dela adierazi du teknikariak: "Erreserba asko egin dira ostatuetan. Turistek asmo garbia erakutsi dute gurera etortzeko. Nolanahi ere, azken astean, beroarengatik edo arrazoi ekonomikoengatik, beste urte batzuetan baino apalagoa izaten ari da okupazioa".

Oraindik uda osoko balantzea zein izango den jakiteko "goizegi" dela onartu du Altubek ere, eta gonbidapena egiteko baliatu du testuingurua: "Urrutiegi joan gabe, hemen bertan badaude ezagutzeko hainbat txoko interesgarri. Gainera, bertako ogia, gazta eta txakolina dastatzea ere plan bikaina da. Sarri, ahaztu egiten zaigu".

Udan Oñatin egiteko zazpi plan proposatu dituzte Turismo Bulegoko kideek. "Gehienak egunero egin daitezke eta oso interesgarriak dira. Hemengo kultura euskaraz ezagutzeko aukera dago. Adibidez, erdigune historikoan dagoen San Migel errota ikusteko bisita gidatuak daude egunero, eta Ezkutuko Altxorrak izeneko bisitak ere egiten ditugu, 13:00etan, gune berriak ezagutzeko". Teknikariak azpimarratu du errotaren inguruko zehaztasun guztiak ezagutzeko abuztuaren 20an bisita berezia egingo dutela.

Bestalde, Txokolateixia ezagutzea ere "aukera polita" dela dio Altubek: "Astelehenetik zapatura bitartean zabalik dago, eta Oñatiko txokolatearen historia ezagutzeko aukera ezin hobea ematen du interpretazio zentroak, ikus-entzunezko edukiekin". Horrez gain, Gomiztegi baserria, Arantzazu inguruak, Jon Elortzaren Pottokaleku, parketxea eta Aizkorri-Aratzeko eremu zabala gomendatu dituzte bulegoko kideek. "200 kilometro bidezidor daude, eta herria ere goitik behera eta behetik gora zeharkatzeko modukoa da", gehitu du Altubek.

Tabernetan ere igartzen da

Turismoak, baina, ez du bakarrik turismo bulego eta ostatuetan eragiten; herriko denda eta tabernetan ere igartzen dituzte bisitarien joan-etorriak. Bergarako Eruan tabernako Fernando Etxabarrik ondo daki herriak turistak jasotzen baditu, aukera ona izaten dela ostalarientzako ere. "Guk asko igartzen dugu turismoa. Harremana dugu herriko hotel eta landetxeekin, eta aurten igartzen dugu jende gehiago dabilela; batez ere, arratsaldeetan. Gure kasuan ere, Kataluniatik eta Madrildik datoz gehienak, eta baita Frantziatik eta Herbehereetatik ere, geldialdia egitera".

Etxabarrik esan du kostako edo Debagoienetik kanpoko beste zenbait herrirekin alderatuta Bergara ez dela "bereziki leku turistikoa" udan, baina, halere, uste du aukera ona dela. "Ostatuen kalitatea oso ona da, eta horren erakusle da bisitari askok errepikatu egiten dutela; berriz etortzen dira Bergarara.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak