Eduardo Miera: "Eremu urbanoan energia berriztagarrien ahalmena zein den aztertuko dugu"

Miren Arregi Amasorrain 2022ko uzt. 19a, 12:08

2030era begira Debagoienak dituen aukera energetikoen azterketa burutuko du Tecnaliak, Debagoiena 2030en Eraginez Piztu esku-hartze estrategiaren baitan. Debagoienean etorkizunean izango den egoera energetikoaren prospektiba egitea da helburua.

Tecnaliako proiektuen kudeatzaile Eduardo Mierak izango du azterketaren ardura.

Debagoieneko aukera energetikoak izena du D2030ek bultzatuta garatuko duzuen proiektuak. Zer da?

Garbi dago trantsizio energetikoaren beharra dugula. Eta ez bakarrik gaur egun energiaren prezioen gorakadagatik. Klima aldaketa jasaten ari gara eta neurriak hartu behar ditugu lehenbailehen. Garatuko den proiektu honen bitartez, neurri horiek hartzeko zein aukera dauden aztertuko dugu. Alegia, berriztagarrien ahalmena zein den eremu urbanoari dagokionez. Azterketa eskualde mailan eta herriz herri egingo da eta eskualdeko bederatzi herriek hartuko dute parte.

Zein puntutan dago Debagoiena energia berriztagarrien sorkuntzari lotuta?

Oraindik azterketa sakonagoa egin beharko dugu behar bezala erantzuteko. Ez da erraza behar den informazioa lortzea, eta denbora bat eramango digu guztia biltzeak. Hala ere, berriztagarrien inguruan alderdi ezberdinak bereizi beharko genituzke. Guk egin beharreko lanean, batez ere, eremu urbanoa aztertuko dugu eta honi lotuta erabili daitezken berriztagarriak. Kasu honetan garrantzi handia hartzen dute autokontsumoak eta beroarekin lotutako soluzioak. Arlo hauetan aukera handiak daudela iruditzen zait.

"Azterketa  eskualde mailan egingo da, herri guztiek hartuko dute parte"

Azterketa egin aurretik, zer-nolako baliabideak dituela esango zenuke?

Eraginkortasunean eta kontsumo murrizketan beti dago lan egiteko modua. Murrizketan eta berriztagarrietan jarriko dugu begia eta bi arlo horietan eskualdeak bide polita izan dezakeela iruditzen zaigu.

Zelan egingo da azterketa? Zer-nolako aukerak aztertuko dituzue?

Tecnaliak eskualdeko eraikinen modelo bat eratuko du, etxebizitzetan eta zerbitzuetan energia beharrak ezagutzera emateko. Modelo horrekin diagnostikoa landuko dugu eta berriztagarrien ahalmena aztertu. Jakin nahi dugu zein berriztagarri egokitzen diren kasu bakoitzean eta nola atera etekin hoberena herri bakoitzean eta eskualde mailan. Azterketa horrekin, etxebizitzetan eta zerbitzuetan zer-nolako aukerak dauden proposatuko dugu.

Beste lurralde batzuetako adibideak hartuko dituzue eredu? Zeintzuk?

Horrelako lanak beste herri batzuetan ere egin ditugu. Baina interesgarria da aipatzea horrelako proiektuen testuinguruak Europa mailatik, Estatu mailatik, Eusko Jaurlaritzatik eta Foru Aldunditik datozen irizpideak, helburuak eta aukerak ipintzen dizkigutela. Proiektu hauek ez dira proiektu isolatuak, eta ereduak eduki arren, kasu bakoitzean bere errealitatera egokitu behar dute. Gipuzkoan egin izan ditugu proiektuak berriztagarrien ahalmena aztertzeko, eta ezagutza hori ondo etorriko zaigu. Antzeko proiektuak ere landu ditugu Irunen eta Durangon.

Zertan lagunduko du azterketa honek Debagoieneko trantsizio energetikora bidean?

Dagoeneko eskualdea gauza asko ari da egiten. Horretan, Debagoiena 2030aren rolak garrantzia handia du. Azken urteotan hausnarketa prozesu bat bultzatu da eta jada hainbat proiektu martxan ipini dituzte. Horietako bat da gurea. Berriztagarrien ahalmena lurreratzeko gai bagara, proposatutako aukera energetikoek martxan dauden beste proiektuak lagunduko dituzte. Adibidez, komunitate energetiko berriak, autokontsumoa bultzatuz edo sare termikoak non landu daitezkeen proposatuz.

"Arlo publikotik lagundu behar da, baina aldaketak,  bereziki, pribatuan gertatu behar du"

Zein garrantzi du lanketa publiko-pribatuak energiaren alorrean aurrerapausoak eman gura baditugu?

Ezinbestekoa. Herri mailako isurketak aztertzen baditugu, ehuneko oso portzentaje txikia da publikoa. Gehiena pribatua da, batez ere, mugikortasunarekin, etxebizitzekin, zerbitzuak eta industriarekin erlazionatutako jarduerekin. Beraz, arlo publikotik lagundu egin behar da, baina aldaketa handienak arlo pribatuan gertatu behar du. Nola? Merkatuaren aldaketak bultzatuz eta behar diren baliabideak eskura ipiniz. Horretan, lanketa publiko-pribatuak zeresan handia du.

Zein ekarpen egin gura dio Tecnaliak trantsizioari?

2050ean klima-neutraltasuna lortzeak energia erabat karbonogabetzea beharko du, eta, beraz, berriztagarriek baliatzen duten sistema berria eratu beharko dugu. Erronka ez da makala eta Tecnaliak bide horretan lagungarri izan nahi du arlo ezberdinetan. Adibidez, energia berriztagarriak masiboki sartzen, eraikinen, hirien eta industriaren jasangarritasuna areagotzen, garraioaren elektrifikazioa edo energia-eroale berdeak bultzatuz, eta energiaren kudeaketa hobetzen.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak