700 herritarrek behar izan zuten ospitaleetako arreta atzo Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan

Jon Irizar Aranguren 2022ko uzt. 18a, 13:51

Azken astean 195 kutsatu berri zenbatu zituen Osasun Sailak Debagoienean, joan zen astean baino %43,96 gutxiago (-153). Azken hilabete eta erdiko gorakadak etenaldia izan du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan ere. Erietxeetan, baina, ez da beherakadarik izan; 700 ospitaleratu zeuden atzo hiru probintzietan, eta zainketa intentsiboa behar zuten horietatik 34k.

Gora zihoazen datuak Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak ekainaren 6an egindako egoera epidemiologikoaren txostenaren eguneraketatik. Hilabete eta erdi geroago, ordea, etenaldia izan du gorakadak; bai, behintzat, osasun publikoak erregistratu dituen kutsatu berri kopuruari erreparatuz gero. 9.531 herritarri atzeman zitzaien gaitza uztailaren 4tik 10era; 6.828ri azken zazpi egunetan. %28,36 edo 2.703 herritar gutxiagori, hain zuzen.

Aurreko gorakadaren pareko, handiagoa izan da beherakada Debagoienean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan baino. 195 positibo zenbatu dira azken astean, duela bi aste baino 153 gutxiago; zehazki, %43,96 gutxiago. Elgeta izan da duela bi aste baino kasu gehiago zenbatu ziren herri bakarra, kutsatu bakarretik hirura igarota.

  • Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus-eko azken datuak atalean.

Maldan behera

Positiboen beherakadaren bidetik, adierazgarria da intzidentzia-tasaren grafikoa; lerroek goia jo eta goitik behera abiatu izana irudikatzen dute bai Debagoienean (848,34), baita Gipuzkoan (864,95), Araban (715,05) eta Bizkaian ere (665,23). Nafarroa da gainerako probintzien balioak ia bikoizten dituen lurraldea; eguaztenean eguneratuko ditu datuak Nafarroako Gobernuak.

Egonkortuta

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ospitaleetan dauden herritar kopuruak ez du positibo berri eta intzidentziek izan duten beherakadarik izan azken astean. 700 herritar zeuden ospitaleratuta atzo, joan zen domekan baino zazpi gutxiago; aste osoan 637 eta 700 pertsonen artean izan da balioa. Antzekoa da egoera Zainketa Intentsiboen Unitateetan. 34 herritarrek behar zuten arreta berezia atzo, joan zen domekan baino bi gehiagok, eta 32 eta 37 pertsonen artean izan da balioa aste osoan zehar.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak