Oinarri teknologiko eta jasangarriko produktuak eta zerbitzu eta negozioen ideia berritzaileak sustatzea da Enpresa Sortuz lehiaketaren asmoa. Hala, aurten balio horiek azpimarratzen dituzten hiru proiektu lagundu dituzte diruz, ikasleek beraien negozioa garatu dezaten: Maxuka, Bibagu eta Recharge.
Maxuka proiektua Joaquin Romero Tenoriok, Pablo Machucak eta Rocio Machucak garatu dute. Surf-ohol modular bat da, gehitze-fabrikaziorako diseinatua eta optimizatua, teknologiaren onurak aprobetxatzeaz gain ingurumena zaintzeko.
Bibagu proiektua, berriz, David Larrinaga Ortizek eta Iñigo Matesanz de la Mazak sortu dute. Lantalde "motibatuak eta produktiboak" sortu nahi dituzte, pertsonen ongizatea neurtzen eta hobetzen duen plataforma baten bidez.
Bukatzeko, Recharge proiektuaren atzean Unai Morales dago eta Lean Startup metodologian oinarritutako negozio-eredu bat proposatu du. Trenbide-sektorerako proiektua da, ardatzen bizi-zikloa maximizatzeko eta mantentze-lanak gutxitzeko. Ardatz desmuntagarri eta jasangarriak babesteko sistemak diseinatzen ditu.
Hamar hilabeteko beka
Goi Eskola Politeknikoak azaldu du egitasmoa "irekia" dela eta "elkarlanean" oinarritutakoa: "Industriatik hurbil dago; beraz, lehiaketa erreferentea eta aitzindaria ari da bihurtzen (...) Enpresa eta erakunde askoren laguntza du: Fagor Taldeko kide den Gizabidea Fundazioa da babesle nagusia, eta, horrekin batera daude, halaber, Mondragon korporazioa, Saiolan, Galbaian, Kimuberri, Gipuzkoako Foru Aldundia, Laboral Kutxako Gaztenpresa eta Garaia Parke Teknologikoa".
Proiektu irabazleen artean 50.000 euro banatu dituzte, ideia egingarri egiteko. Bekak hamar hilabetekoak dira, eta irailean hasiko dira. "Bekez gain, lehiaketak dirutako sari bat ematen du, baita lantokia, ekintzailetzari buruzko aholkularitza, laguntza teknologikoa eta unibertsitateko instalazio teknologikoak erabiltzeko aukera ere", azaldu dute sustatzaileek.