Eskoriatzako lehenengo rallysprinterako 50 pilotu daude gertu

Xabier Urtzelai 2022ko uzt. 15a, 12:10

Porsche autoa, Eskoriatzako plazan, 2018ko Gatzagako Igoeran. Zapatuan hortik hasiko dituzte 3. eta 4. txandak.

Zapatuan egingo dute lehenengoz Eskoriatzako rallysprinta (12:10). Guztira, lau txanda izango ditu, horietako bi Aretxabaletan hasiko dituzte –Mendiolako bidean– eta beste biak, berriz, Eskoriatzan, plazatik bertatik.

Eskoriatzako lehenengo rallysprintak 50 auto batuko ditu irteera puntuan. Lasterketa 12:10ean hasiko dute, eta lehenengo bi txandak Aretxabaletan hasiko dituzte, Bainuetxe industrialdean, Mendiolarako igoera hasieran. "Pilotuak Mendiolaraino igoko dira, eta tarte horretan badaude leku aproposak lasterketa ondo ikusi ahal izateko", dio antolaketa lanetan dabilen Gorka Idigorasek. "Gero, elizateetara autoz doazenendako ere aurrerago badira txoko egokiak lasterketa ikusi ahal izateko". Aurreratu moduan, lehenengo kilometroetan behin Mendiolara igota, ibilbide sigi-sagatsua izango dute pilotuek: Erañara, Bolibarrera, eta Atxorrotxeko bidetik Eskoriatzara jaitsiko dira autoak. Han amaituko dute lehenengo zatia, eta kronometroak geratuta, lasai, Eskoriatzatik Aretxabaletako Portasol auzora joango dira saihesbidetik. Bigarren txanda ere berdina izango da, Aretxabaletan hasi eta Eskoriatzan amaituko dute, eta 13:20an hasiko dute txanda hori. Amaitutakoan, ordubete inguruko atsedenaldia izango da eta autoak Portasolen egongo dira aparkatuta.

Hurrengo bi txandak, Eskoriatzatik

Eta, hirugarren txanda hasteko, autoak Eskoriatzara abiatuko dira, hirugarren eta laugarren txandak bertatik hasiko dituzte eta: herriko plazatik, hain zuzen ere. Eta ibilbidea lehenengo bietako bera izango da, baina kontrako noranzkoan.

Hala, arratsaldeko saioak 15:40an hasiko dituzte, eta autoak Eskoriatzako plazatik bertatik abiatuko dira Bolibar alderantz: "Rallysprint gutxi egongo dira herriko plazan bertan hasten direnak, eta hirugarren eta laugarren txandak ikusteko Eskoriatzako herrigunea bera bada leku egokia. Ezberdina izango da, behintzat". Hala, antolatzaileek aurreikusten dute 16:50ean hasiko dela laugarren eta azken txanda. "Lehenengo edizioa da eta lan handia dago lasterketaren atzean, eta egunean bertan boluntario asko izango dira, besteak beste, segurtasun neurriak zaintzen", dio lasterketa auto barrutik biziko duen Idigorasek.

Debagoiendar mordoa lasterketan

Irteera puntuan hamasei debagoiendar izango dira: Gorka Idigoras (Clio Sport), Jose Ferreira (Ford Fiesta N5), Joseba Frutos (Clio Sport), Iñigo Errasti (Clio Sport), Aitor Anaiz (R5 GT Turbo), Monika Muñoz (Citroen ZX 16v), Gorka Urrutia (BMW 318i), Asier Samaniego (BMW 325i), Mikel Oiartzabal (BMW 325i), Jokin Mellado (Seat Ibiza), Markel Saez de Gordoa (Seat Leon MK1), Andoni Blanco (Citron Saxo VTS), Alex Calzon (Citroen ZX 16v) Unai Jurado (Citroen SX GTI), Aimar Arriolabengoa (Citroen AX) eta Maider Usandizaga (Ford Focus). Gidari lanetan ibiliko diren pilotu horiez gain, kopilotu lanetan izango dira Onintze Lombide (Ford Focus), Dorleta Urkiaga (Ford Focus) eta Maialen Iarza (Peugeot 106 S16).

Erlazionatuak

Rallyaren ibilbidea, pilotuaren begiradatik

Imanol Beloki Unamuno 2022 uzt 13 Eskoriatza

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak