Bero olatuaren atarian, lehen abisu horiak ezarri ditu Euskalmetek

Jon Irizar Aranguren 2022ko uzt. 12a, 12:38

Haurrak Santa Barbarako ur-parkean jolasten, ekainean ateratako artxiboko irudi batean. (Argazkia: Goiena)

Euskal Meteorologia Agentziak bina abisu hori ezarri ditu Debagoienan eguazten eta eguenerako. Tenperatura altu iraunkorragatik ezarri dituzte bi; tarte zehatz batzuetan izango den muturreko beroagatik, aldiz, gainerakoak. Iragarpenen arabera, tenperatura altuek ez dute etenik izango aste osoan zehar.

Joan zen astetik tenperatura altuak zeuden iragarrita uztaileko bigarren aste honetarako, eta iragarpenak betetzen ari dira. Hala, Euskal Meteorologia Agentziak lau alerta egoera ezarri ditu bailararako; bi eguaztenerako, uztailak 13, eta beste bi egunerako, uztailak 14.

Bihar tenperatura altuak espero dira egun osoan zehar; hala, alerta horia ezarri du Euskalmetek, termometroak 17 eta 37 graduren artean izango baitira. Horrez gain, bigarren abisu egoera arratsaldeko 13:00etik 19:00etara dago aurreikusita, muturreko tenperatura oso altuengatik. Eguenari dagokionez, antzeko iragarpena egin du meteorologia agentziak. Egun osoko abisu horiak bere horretan jarraituko du; 14:00etatik 20:00etara espero da, ordea, muturreko beroa.

Etenik ez

Euskal Meteorologia Agentziak alerta egoerak bi eguneko aurrerapenarekin ezartzen dituen arren, aurreikuspenen arabera bero olatuak ez du etenik izango eguenetik aurrera ere. Astebururako, esaterako, 35 graduren bueltako maximoak espero dira, eta litekeena da datorren martitzen edo eguaztenera arte balio altuenek beherakada nabarmenik ez izatea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak