Ekaineko lehen astetik datorren bilakaerak ez du etenik izan azken astean; are gehiago, okerrera egin du egoerak. Hala adierazten dute Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eguneratu dituen egoera epidemiologikoaren txosteneko balioek. Gora doaz positibo berriak, gora intzidentzia-tasak, eta geroz eta gehiago dira osasun arreta behar duten herritarrak.
Debagoienera begira jarrita, 348 kasu berri erregistratu dira Osakidetzan azken zazpi egunetan; duela bi aste baino 80 gehiago, hain zuzen. Elgetan (1) eta Gatzagan (3) mantendu egin dira balioak, eta Arrasaten behera egin dute zenbatutako kutsatuek, 143 positibo berrirekin kasu gehien atzeman den bailarako herria izaten jarraitzen duen arren. Gainerako herri guztietan, ordea, gora egin dute balioek, eta modu adierazgarrian gainera.
- Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus-eko azken datuak atalean.
Milatik gertu
Kutsatuen gorakadaren ondorioz, goranzko joera argian da intzidentziaren bilakaera; hots, 962,39an zen tasa atzo, duela astebete baino 324 puntu gehiagoan. Gipuzkoa da joera adierazgarriena izaten ari den probintzia (948,56), baina bilakaera ez da baikorra ez Bizkaian (709,89) eta ezta Araban ere (694,71). Nafarroari dagokionez, eguaztenean eguneratuko dira balioak, baina azken asteetako joera errotik aldatzen ez bada, litekeena da aipatutako probintzien gainetik izatea –1.279,01ean zen intzidentzia-tasa San Fermin egunaren bezperan–.
707 ospitaleratu
Jaurlaritzak indarrean duen protokoloaren eraginez kutsatu berrien balioak tentuz neurtzekoak diren arren –Osakidetzan jakinarazpena egiten duten herritarren positiboak soilik zenbatzen dira–, errealitatearen ispilu dira ospitaleetako balioak. Eta gora doaz datuak.
Otsailaren 8tik igaro gabe zegoen muga bat gainditu zen atzo Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako erietxeetan; 700 ospitaleratuko muga, hain zuzen. 707 herritarrek behar zuten osasun arreta atzo. Antzekoa da bilakaera Zainketa Intentsiboen Unitateetan ere. Hainbat astez dozena bat herritarren bueltan mantendu dira balioak; bada, 32 herritarrek behar zuten zainketa berezia atzo EAEko erietxeetan.