Gaur, egubakoitza, bukatuko da Mondragon Unibertsitateak eta Goiena Komunikazio Taldeak antolatu duten Komunikazio Campusa. Bigarren edizio honetan zazpi gaztek hartu dute parte, eta ikus-entzunezko eta kaztaritzaren alorrean adituak diren profesionalen saioak jaso dituzte.
Gaurko saioan, aste osoan landutakoa borobilduko dute, haien bideopodcasta sortuta. Dagoeneko pozik agertu dira irakasleak eta ikasleak. Konturatu orduko asteak "hegan" egin duela kontatu du Xabier Urzelaik, Goienako kazetari eta ekimenaren koordinatzaileak: "Talde txikia izateak erraztasun handiak eman ditu ariketak egin eta materiala partekatzeko. Goizak oso dinamikoak izan dira eta parte-hartzaileen artean harremana estuagoa izan da".
Erpin guztiak landuta
Lehenengo egunean, parte-hartzaileek bideoak egin zituzten haien burua aurkezteko, eta kameralari eta aurkezle lanak ere egin zituzten; baita bideo-edizioa ere. Martitzenean, berriz, Goienara egin zuten bisita, eta, bertan ekoizten diren produktuak ikusteaz gain, magazin bat ere egin zuten telebistako platoan. "Chroma erabili zuten eta zuzeneko konexioak egin zituzten", gehitu du Urzelaik. Fotokazetaritzaren munduan ere murgildu ziren bigarren saioan.
Hirugarren egunean, Gazteako esatari Ainhoa Vitoriaren bisita izan zuten gazteek, eta, haren eskutik, podcasten mundua ezagutu zuten. Hain zuzen ere, eguaztenean hasi ziren eurek ekoiztu duten podcasta egiten. Hurrengo egunean, eguenean, Alex Padilla sare sozialetan adituarekin izan ziren gazteak. "Bezperan hasi eta gaur aurkeztu behar dituzten podcast horiek sare sozialetan zelan promozionatu azaldu zien Padillak", argitu du koordinatzaileak.
Bukatzeko, aurreratu bezala, bakoitzak bere lana amaitu eta aurkeztu beharko du gaur, eta astean zehar egindako ariketen emaitzak ere ikusiko dituzte.
Balorazio positiboa egin dute
Campusaren koordinatzaileek, Mondragon Unibertsitateko Unai Portillak eta Goienako Xabi Urzelaik, "oso gustura" geratu direla azaldu dute. "Gazteek, entretenituta ibiltzearekin batera, aste emankorra izan dute, eta komunikazioaren barruko askotariko arloak ezagutu dituzte. Ez dakigu etorkizuneko ikasketak bideratzeko baliagarria izango zaien, baina gustura ibili badira, ez da gutxi!", adierazi du Urzelaik.