Aurkeztu dute aurtengo Euskaraldiko abestia: 'Esazu hitz bat'

Jon Irizar Aranguren 2022ko uzt. 6a, 12:48

Xabier Zabalak sortutako melodiari Andoni Egañak jarri dizkio hitzak, eta Aiora Rementeriak, Maddalen Arzallusek, Petti-k, Ainhoa Larrañagak eta Egañak berak jarri diote ahotsa. Azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo da Euskaltzaleen Topaguneak antolatzen duen ariketa sozialaren hirugarren edizioa.

"Erronka hau jo, ez gorde golkoan; garaipen txiki asko da jokoan. Martxan ipini aho ta belarri; ari entzun, entzun ari" dio Andoni Egañak sortutako errepikak; 2022ko Euskaraldiko abestiko errepikak, hain zuzen. Xabier Zabalak izan du Esazu hitz bat izena jarri dioten kantuaren gidaritza; zarauztarra izan da melodiaren konposizioaz, moldaketez, ekoizpenaz, akordeoiaz eta programazioaz arduratu dena.

Bertsolari zarauztarrak sortutako hitzei, berriz, Egañak berak, Zea Mays taldeko abeslari den Aiora Rementeriak, Maddalen Arzallus bertsolari eta kantariak, Petti musikariak eta Ainhoa Larrañaga musikari eta aktore hernaniarrak jarri diote ahotsa.

Batzordeak, martxan

Azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo da Euskaltzaleen Topaguneak antolatzen duen ariketa sozialaren hirugarren edizioa, eta Debagoiena kasu, jada hasiak dira herriz herri ekimena bultzatzeko batzordeak osatzen. Maiatzaren 18an ireki zen ariguneak sortu eta izena emateko epea; norbanakoek, ordea, irailaren 28ra arte itxaron beharko dute ahobizi edo belarriprest roletan izena emateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak