2022ko azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo da Euskaraldiaren hirugarren edizioa, eta pixkanaka bada ere, ari da Euskaltzaleen Topagunea aurtengo ekimenaren xehetasunak ematen. Horren adibide, gaur goizean Gasteizen egin duten aurkezpena. Bertan izan dira, hainbat elkartetako ordezkariren artean, Goiatz Urkijo Euskaraldiaren koordinatzailea, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua eta Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria. Eta Debagoienak ere izan du presentzia; Mondragon Goi Eskola Politeknikoko ordezkari Xabier Sagarna izan da agerraldian.
Ahobizi eta belarriprest-ekin batera, udazkeneko ekimeneko protagonista izango diren ariguneak izan dituzte hizpide. Hizkuntza ohituren aldaketak eta euskarazko praktika linguistikoen zabalpena gomutan, espazio berriak sortu eta ariguneak areagotzeko helburua dutela adierazi dute Euskaraldiko arduradunek. Hala, enpresa, erakunde, elkarte, fundazio, klub, talde eta era guztietako entitate antolatuei euskaraz lasai aritzeko gunea sortzeko eta izateko deia egin diete.
Izena emateko epea, zabalik
Gaurko aurkezpenaren bidetik, zabaldu dute jada arigune izan nahi duten entitateentzat izena emateko aukera. Euskaraldiaren bigarren edizioan euskaraz lasai aritzeko espazioak sortu eta izena eman zutenek beraien parte hartzea berretsi beharko dute; lehenengoz izena eman nahi dutenek, aldiz, hala adierazi eta arigune kopurua zehaztu beharko dute. Ondoko webgunea erabili behar da ekintza bat edo bestea egiteko: ariguneak.euskaraldia.eus/izen-ematea/.
Norbanakoak, irailaren 28tik aurrera
Entitateen parte-hartzea gaur ireki duten arren, uda ostera arte itxaron beharko dute norbanakoek ekimenean izena emateko. Zehazki, irailaren 28an irekiko da ahobizi edo belarriprest roletan izena emateko edo parte hartzea berresteko aukera.