Bigarren sektorea oinarri, azken bi urteetako langabe kopuru baxuenarekin amaitu da ekaina

Jon Irizar Aranguren 2022ko uzt. 4a, 17:49

Maiatzeko joerari eutsiz, behera egin du langabeziak Debagoienean, eta azken bi urteetako langabe kopuru eta langabezia-tasarik baxuena utzi du ekainak: 2.298 eta %7,48, hurrenez hurren. Hirugarren sektorean daude langabe gehien bailaran, eta bilakaera orokorrari erreparatuta, bigarren sektorearekiko langabezia arrakala handituz doa.

Espainiako Enplegu Zerbitzuak emandako datuen arabera, eta maiatzeko joerari eutsiz, behera egin du langabeziak ekainean Debagoienean. 2.298 pertsona zeuden lanik gabe joan zen egubakoitzean; ekainaren lehenean baino 41 debagoiendar gutxiago, hain zuzen. Hala, 2021eko hastapenetatik lehen aldiz jaitsi da balio absolutua 2.300 herritarretik, eta lagabezia-tasak ere azken 18 hilabeteetako baliorik baxuena du: %7,48 –aintzat hartu beharrekoa da langile aktiboen balioak ez dituela hilabetero eguneratzen aipatutako erakundeak–.

Herriz herriko bilakaerari erreparatuz gero, desberdina da joera. Eskoriatzan zein Elorregiz beherako herrietan –Bergara, Antzuola eta Elgeta– gora egin du lanik gabe dauden herritar kopuruak. Txanponaren beste aldean, Arrasate eta Aretxabaleta; maiatza amaieran baino 44 arrasatear eta 17 aretxabaletar gutxiago zeuden langabezian ekaina amaitzean. 

Hirugarren sektorea, langabezia iturri

Langabezian dauden herritarren balio absolutuei erreparatuta, hirugarren sektorea da bailaran langabezia iturri nagusia; hots, maiatza amaieran zeuden 2.339 langabeetatik, 1.397 azken kontratua hirugarren sektorean izandakoak ziren (%59,72). Lautik bat (%25,52) ziren bigarren sektoretik eratorritako lanik gabeko debagoiendarrak; hamarretik bat pasatxo (%12,18) aurrez lan kontraturik izan gabeak; eta %2,56 soilik lehen sektorean aritu eta lan bila zebiltzanak.

Grafikoan ikusi daitekeenez, aipatutako sektoreen arteko hurrenkera antzekoa da azken hamar urteetan; ez, ordea, sektoreen arteko arrakala. 2014an goia jo ostean, modu bertsuan eman da langabeziaren beherakada Debagoieneko bi lan sektore nagusiak diren industrian eta zerbitzuetan.

Azken hilabeteetako irakurketa, baina, bestelakoa da. Izan ere, bigarren sektorean langabe kopurua behera doan heinean, gora egin du hirugarren sektoreko balio absolutuak. Datutan, 2021eko abendutik 2022ko maiatzera %29,08tik %25,52ra jaitsi da bigarren sektoreak langabezia orokorrarekiko zuen proportzioa; hirugarren sektorean, aldiz, %55,56tik %59,72ra igo da balioa denbora tarte berean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak